Katalunia. Burujabetzaren bidean

Independentzia kulturala

Kataluniako kultura arloan, prozesu subiranistaren aldeko ekinbideak pertsonalak izan dira gehienetan. Kulturak prozesu horretan daukan garrantzia nabarmendu dute hiru idazlek.

Aritz Galarraga.
Bartzelona
2014ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Iragan da beste urte batez apirilaren 23a, Sant Jordi, liburugintzak Katalunian bereziki seinalatuta duen eguna. Aurtengoa gertakizun batek egin du berezi: prozesu subiranista bururatuko lukeen galdeketa egiteko asmoa dute katalanek azaroaren 9an. Nola erasaten dio kulturako jendeari prozesu subiranista horrek? Zertan alda dezake Kataluniako kulturaren egoera eta gizartearena?

Liburuak sinatu eta sinatu aritu zen, atzoko egunez, Vicenç Pages Jorda idazlea. Hauxe idatzi zuen urtarrilaren 17ko artikulu batean: «Ez naiz zerga balantzetan edota barne merkatuetan aditua, baina literaturaren eremuan, Espainiako parte izatea ez zaigu izan sobera onuragarria. Elebitasunean sinesten dugun bakarrak elebidunak gara, herrialde plurinazional batean bizi garela sinesten dugun bakarrak gu garen bezalaxe. Gainontzekoek aspalditik tratatzen gaituzte independente bagina bezala». Kataluniako Gobernuak ematen dituen Kulturako Sari Nazionala, esaterako, irabaz dezake gaztelaniaz idazten duen batek ere; baina idazle espainol kontsideratzeko, gaztelaniaz idatzi behar da. Kurioski, BERRIArekin hitz egin bezperan jaso du berak aurtengo Kulturako Sari Nazionala, obra osoki katalanez idatzi duenak: «Oro har, modu barneratzaileagoan ikusten da Espainiako kultura Kataluniatik. Aldiz, Espainiako literaturaren historia ia guztietan ez dago katalanez idazten duenik. Marjinazio hori ikusirik, zail da espainiar sentitzea».

Iritzi berekoa da Eva Piquer, kultura gaietan aritzen den kazetaria: «Nekatuta gaude etengabe baimena eskatu behar izateaz, existitzeagatik barkamena. Tristea da oso garesti ateratzen zaigun estatu bati ordaintzea, eta trukean gure hizkuntzari eta kulturari eraso egitea. Independente izan nahi dugu, geure buruen arduradun izan nahi dugulako, geure identitatearena eta geure patuarena».

Los Carradine musika taldeko gitarra jotzaile eta ahotsa da Antonio Baños. Katalanez ere kantatzen dute, baina batik bat espainolez. Izan ere, gaur eguneko katalan tipikoa dela dio Bañosek: «Lau aitona-amonak Kataluniaz kanpokoak dituena». Akaso horrexegatik, gaztelaniaz mintzo diren eta jatorria Espainiako lurretan duten katalan independentistez osatutako Sumate erakundeko kide da. «Motibo ekonomikoak badira, baina ez dira erabakigarriak. Motibo kulturalak ere bai, baina ez dira garrantzitsuenak. Duintasun politikoa da gakoa. Frustrazio handia sortu da, gauza lotsagarriak gertatu dira, engainuak, burlak, zabarkeria. Horiek guztiek herritarren duintasuna piztu dute, jende asko egin da independentista, adibidez posizio espainolistetatik etorrita, duintasun kontu bategatik; ez diruagatik, ez identitate afera bategatik».

Kultura jendea

Kulturaren alorrean ez da prozesu subiranistaren aldeko mugimendu kolektiborik izan. Prozesuarekiko orain artean izan diren jarrerak pertsonalak izan dira, dela kontrako bidean —Planeta argitaletxeko buru Jose Manuel Lararen adierazpenak, kasurako—, dela aldekoan —Concert per la llibertat delakoan parte hartuta, adibidez—. «Ni neu», dio Pagesek, «ez nintzateke eroso sentituko Independentziaren aldeko idazleak edo antzeko aterki baten azpian. Baina, bestalde, independentismo katalana ez litzateke existituko literaturarik gabe. Ausias March edota Ramon Llull idazleengatik ez balitz, orain, agian, soilik ariko ginateke kontzertu ekonomikoa eskatzen».

Piquerrek ez du uste erakundetze bat behar dutenik: «Independentziaren alde gauden idazleok babesa ematen dugu gizarte zibileko erakundeen bitartez, izan Omnium Cultural edota ANC Kataluniako Biltzar Nazionala». Orain artean batzuek eta besteek hartu dituzten jarreren inguruan, Piquerrek dio «kulturaren mundua gizartea bezain plurala» dela. «Baina sektorearen gehiengoak badaki demokrazia sorkuntzarako arma nagusia dela; ziur nago, haren bidez, nahi dugun lekura helduko garela».

Modu kolektiboagoan aritzearen falta sumatzen du Bañosek: «Halako prozesu handi batek osagarri kultural bat beharko luke. Falta zaigu prozesuaren musika, eta idatzia; konpromiso bat, belaunaldiz belaunaldikoa, kulturako jendearena». Aldiz, nabarmendu du pop kultura indartsu bat sortzen ari dela prozesuaren inguruan, sare sozialei eta Interneti esker: «Umorearekin du zerikusia, prozesuaren zentzu autoironiko batekin. Aurrerakoi uste asko jokoz kanpo harrapatu ditu; urte asko gauza bertsuak idazten daramatzaten pentsalari organikoak, urteak edozeri buruzko iritzia ematen, eta, bat-batean, gaia aldatu zaie. Oso ondo iruditzen zait astinaldi hori, hogeita hamar urtean aldatu ez den panorama bati».

Aldaketak

Balizko estatu katalan berri batek kulturan izango lukeen eraginaz galdetuta, normal mintzo da Pages, «eta errespetuaz, orain ez dauden bi gauza baitira. Espainiatik nagusikeriaz eta harrokeriaz ikusten da Kataluniako kultura, inondik inora ere ez modu federal, ez-hierarkiazkoan. Osasun ezin hobea du gaztelaniak, eta blindatuta dago katalanaren ustezko mehatxuei aurre egiteko. Espainiako iruditeria linguistikoagoa da lurraldekoa baino: Cervantes saria kolonbiar batek irabaz dezake, baina ez katalanez idazten duen espainiar batek».

«Kultura oinarrizko balioa dela garbi izan behar dugu Estatu berri horretan», dio Piquerrek. «Kultura ezin dugu bazter utzi, garenari zentzua ematen baitio. Eta mundu guztiarengana iritsi behar du kulturak, gizarte kohesioa bermatzen baitu, eta ongizate gizartearen laugarren hanka baita. Kultura aldi berean da politika soziala eta estatu egitura bat». Katalunia independente batean kultura katalana «automatikoki indartuta» geratuko da, Piquerren iritziz, «hasteko, baliabide gehiago izango dugulako. Eta, batez ere, estatu bat kontra ez, alde izango dugulako».

Bañosek La rebelion catalana liburua kaleratu berri du. Hor aipatzen da Kataluniako erreboltak osoa izan behar duela, eta diskurtso eta errealitate guztien berreraikitzea ekarri behar duela. Ekoizpen sistema barne. Dena batera. Eta alaitasunez. Baikor da Baños: «Jendearen birpolitizazio bat gertatzen ari da; askok, etxean geratu ordez, landu dute amorrua modu politikoan, aktiboki. Jendea ez da mobilizatzen hilabeteetan haserre hutsagatik, aldaketaren esperantzagatik baizik. Kultura politiko bat sortu da. Instituzio garbiak eskatzen dira, jendearen parte hartze handiagoa instituzioetan. Horrek ezin du izan kromo aldaketa soil bat. Ez da izango».

Etorkizun hurbila

Prozesu subiranista orain dagoen egoeraz mintzatu dira hirurak. Pagesentzat, «atzera bueltarik gabeko garaia» igaro da: «Espainiako politikariak bahituta dirudite Madrilgo prentsagatik, baina hark ez daki Katalunian zer gertatzen den, edo ez du kontuan hartu nahi. Edo biak batera». Piquerren ustean, dena doa espero bezala: «Kongresuko eszenaratzea barne. Ezezkoa ezagutzen genuen, baina Madrilera joan beharra zegoen, munduari azaltzeko eman behar diren pausoak ematen ari garela. Eta Espainiak ez digula bozkatzen uzten».

Bañosek mehatxu bat ikusten du orain, Europako bozetan: «CiU asko jaisten bada, eta ERC igo, baliteke CiUren barruan tentazioa egotea subiranismoaren bidea zalantzan jartzeko. Ez prozesua arriskuan jartzeko beste, agian, baina bai dudak sortzeko. Dena den, aldagai erabakigarri bakarra da jendearen indarra. Plebiszitu bidezko bozak, erreferenduma, galdeketa, ez da hain garrantzitsua: gizartearen %60-70 badoa boza ematera, indar eta legitimitate guztia zure alde duzu. Eta kontrakoa gertatzen bada, joan gaitezke etxera. Azkenean, dena murrizten da jendearen borondate eta indarrera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.