Otunbaievak presidentetza hartu du Kirgizistanen

Herrialdeak aldi politiko berria hasi duela nabarmendu du Kirgizistango presidente berriak

Erredakzioa
2010eko uztailaren 4a
00:00
Entzun
«Estualdi historiko honetan herritar guztien sostengua espero dut; nire alderdikideen babesa eta oposiziokoen errespetua». Roza Otunbaievak presidente kargua hartzean, atzo, esandakoak dira horiek. Herritar guztiei hitz egin zien Bixkeketik; Ox eta Jalal-Abad hirietako bizilagunei, bereziki. Azken asteetako liskarrak, hain zuzen, herrialde horretan Sobiet Batasuna desegin zenetik gertatutako bortitzenak izan dira.

«Bere historiako unerik dramatikoenak bizi ditu Kirgizistanek»; hala uste du Otunbaievak. Uzbekoen eta kirgiz etniakoen arteko borroketan ehunka lagun hil ziren hegoaldeko bi hiri horietan. Halaber, dozenaka milaka lagunek Uzbekistanera egin zuten ihes, eraso egingo zieten beldur. Guztira, 400.000 lagunek sufritu zituzten kalteak.

«Badakit arimaren zauriak ez direla egun batetik bestera sendatzen. Erremedio bakarra dago: zintzotasuna eta adiskidetzeko nahia. Herrialde senideak gara, eta elkarrekin biziko gara beti», adierazi du presidente izendatu berriak. Horrez gainera, emandako laguntza eskertu nahi izan die nazioarteari eta lagun dituen herrialdeei.

Erreferendum konstituzionala

Joan den igandean Konstituzioa aldatzeko erreferenduma egin zuten Kirgizistanen; hura erreformatzearen alde bozkatu zuten boto-emaileen %90ek. «Kirgizistanen aldi politiko berri bati ekin diogu. Herriak estatuindependente bat eraikitzeko oinarri berri bat aukeratu du: parlamentu bidezko sistema», adierazi du Otunbaievak.

Herrialdeko egitura politikoa aldatu ez ezik, Konstituzio berriari esker, Otunbaievak bere jarduna legeztatu du. Kurmanbek Bakiev agintetik bota zutenetik, izan ere, jarduneko presidente lanetan ziharduen Otunbaievak. Baina Konstituzioa erreformatu dutenetik, bera izango da datorren urteko abendura bitarte herrialdeko presidente legitimo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.