MENDE BATEK, BI MUNDU GERRAK ETA GERRA HOTZAK ISILARAZI EZ ZITUZTEN AHOTSAK

Preso batzuk grabatzeko saio bat. Erdian, militar jantzian, Hermann Urtel erromanista. BERLINGO HUMBOLDT UNIBERTSITATEA.
2018ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
1914ko otsaila, gerra aitzin

Wilhelm Doegenek proiektu bat aurkeztu zion Prusiako Kultura ministroari, alemanaren dialektoak, munduko hizkuntzak eta munduko musika eta kantuak grabatzeko. 1915eko urte bukaeran sortu zen Prusiako Errege Komisio Fonografikoa, sekretupean baina ofizialki, enperadorearen babesarekin. Carl Stumpf izendatu zuten komisioko presidente, eta Wilhelm Doegen idazkari. Haien gidaritzapean bildu ziren 40ren bat aditu —hizkuntzalariak, musikologoak, antropologoak...—. Horien artean nabarmentzekoa da Hermann Urtel erromanista, euskararen ikertzailea.

1915-1918

1915eko abenduaren 29tik 1918ko abenduaren 19ra, Komisio Fonografikoak ehunka soldadu preso grabatu zituen. Fonografoarekin, argizarizko 1.022 zilindro grabatu zituen; gramofonoarekin, argizarizko 1.651 disko. 250 bat hizkuntza eta dialekto erregistratu zituzten. Fonografoarekin, batez ere kantuak eta musikak grabatu zituzten. Gramofonoarekin, berriz, Haur prodigoaren parabola, istorioak, pasadizoak, erran zaharrak, biografiak, kantuak eta era askotako testuak grabatu zituzten. Grabatutako presoen artean zeuden ukrainarrak, georgiarrak, errusiarrak, armeniarrak, tatarrak, indiarrak, korearrak, kamerundarrak, estoniarrak, lituaniarrak, bretoiak, okzitaniarrak, irlandarrak, katalanak... baita euskaldunak ere: hamar soldadu preso.

1920

Komisio Fonografikoa desegin egin zen, eta soinu artxiboa bitan banatu zen. Doegenek gramofonoarekin hartutako diskoak Prusiako Estatu Liburutegira eraman zituzten. 1934an Soinuen Ikerketarako Institutua sortu zen; Bigarren Mundu Gerran ere presoei grabazioak egiten aritu zen. 1975ean Humboldt Unibertsitatearen barruan bildu zituzten argizarizko diskoak, Lautarchive deitutako atalean.

1940ko hamarkada bukaera

Komisio Fonografikoa desegin zenean, argizarizko diskoek bide bat hartu zuten, beraz, eta Georg Schuenemannek fonografoarekin grabatutako argizarizko zilindroek beste bide bat: Artxibo Fonografikoan geratu ziren. Bigarren Mundu Gerra bukatuta, 1940ko hamarkada agortuta, Sobietar Batasunaren esku geratu ziren artxibo horiek, eta Leningradera eraman zituzten. 1960ko hamarkadan itzuli zituzten Berlinera, Ekialdeko Alemaniara. 1991n, bi Alemaniak batu zituztenean, Berlingo Etnologia Museora eraman zituzten audio zilindroak.

2012 eta 2015 artean

2012 eta 2015 artean. Berlingo Etnologia Museoak argizarizko zilindroak digitalizatu eta indexatzeko proiektu bat garatu zuen. 2013an Humboldt Unibertsitatearekin elkarlan bat ere hasi zuen, bi funtsak aparteko artxiboetan edukitzeak zentzurik ez zuela iritzita. 2019 hondarrean elkartu nahi dute artxibo guztia, Humboldt Forumen.

2013tik gaur arte

Etnologia Museoa lanean hasi da grabazioen jatorrizko herrialdeetako eragileekin harremanetan jartzeko eta presoei egindako grabazio horien azterketak egiteko. Proiektu horren bidez, bretoiekin tratuan hasi ziren, eta EKEk haien bidez izan zuen grabazioen berri, 2013an. 2017an EKEko ordezkariek, Lourdes Izagirre Ondarra antropologoak eta Berlingo Etnologia Museoko kideek bilera bat egin zuten. Bilera horretan, beren proiektuen berri eman zieten EKEko kideek museoko arduradunei, eta soinu artxiboak jendaurrean jartzeko baimena jaso zuten.

2018ko azaroa

EKEk Interneten jarri ditu euskal soldadu presoei 1916an eta 1917an Komisio Fonografikoak egindako grabazioak, Mintzoak.eus atarian. Ikerketa zabalagoak egiteko asmoa du orain EKEk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.