Zazpi itzulpen lan esleitu dira Literatura Unibertsaleko bilduman

Juan Luis Zabala
2014ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Literatura Unibertsaleko bildumarako lehiaketan aurkeztutako itzulpen proiektuen esleipenaren berri eman du oraindik orain EIZIEK, eta honako zazpi proiektuok esleitu ditu epaimahaiak: Emily Bronteren Wuthering Heights, Irene Aldasoro Katarainek itzultzeko; Alice Munroren Hateship, Friendship, Courtship, Loveship, Marriage, Isabel Etxeberria Ramirezek itzultzeko; François Villonen Le testament, Matias Mujika Franco de Medinacellik itzultzeko; Norman Manearen Intoarcerea huliganului (Hooliganaren itzulera), Koro Navarro Etxeberriak itzultzeko; Clarice Lispectorren Felicidade Clandestina, Iñigo Roque Eguzkitzak itzultzeko; Pere Caldersen Aquí descansa Nevares (Antologia), Antton Olano Irurtiak itzultzeko; eta Segei Doblatoven Maleta, Amaia Apalauza Ollok itzultzeko.

Hiru edo, asko jota, lau proiektu esleitzeko asmoa bazuten ere, Juan Garziak (Eusko Jaurlaritzak izendatuta), Inazio Mujika Iraolak (Erein eta Igela argitaletxeek izendatuta) eta Garazi Arrula Ruizek (EIZIEk izendatuta) osatutako epaimahaiak uste du aukeratutako zazpi proiektuak interes eta kalitate handikoak direla, eta inondik ahal bada lagundu beharrekoak. Horregatik, EIZIEk erabaki du hurrengo urterako aurreikusitako esleipenak bertan behera uztea, deialdi honetan zazpi proiektu horiek esleitu ahal izateko. Horrenbestez, EIZIEk 2015ean ez du itzulpen lehiaketa deialdirik egingo.

Egungo akordioari jarraituz, Erein eta Igela argitaletxeek kaleratuko dituzte zazpi liburuok, itzultzaileek beren lanak amaitu eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.