Donostiako Nazioarteko 65. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA

Ezerezaren kontenplazioa

Angel Aldarondo.
2017ko irailaren 28a
00:00
Entzun

'Sollers Point'



Zuzendaria: Matt Porterfield. Aktoreak: McCaul Lombardi, Jim Belushi, Zazie Beetz. Herrialdea: AEB-Frantzia. Iraupena: 101 minutu.

Matt Porterfielden ikus-entzunezko lanak MOMA museo modernoan eta hainbat bienal artistiko garaikidetan maite dituzte. Diotenez, Zinemaldira ekarri duen filmak arrakasta izan dezake haietan. Diotenez, film honen zuzendaria artista-bisuala da, baina Sollers Point lanean ez dago horren susmorik. Onerako edo txarrerako, Matt Porterfield ez da Miranda July.

Eta zer dago, bada, Porterfield-en pelikularen barruan? Bada, ezer gutxi. Baldintzapean aske dagoen gazte amerikar baten joan-etorriak, batez ere. Tipoa Baltimore hiriko txoko ugerdoetatik bueltaka dabilela, noraezean egingo ditu bere ibilbideak, halako erredentzio asmo batekin edo. Baina Baltimoreko auzo latza gauza da ondo beharrez egindako guztiak ziztu bizian irensteko, batez ere pertsonarik inozoenak baldin badira. Eta Keith gazteak oraindik uste genuena baino gehiago dauka ikasteko. Berak izan ezik, etsai handienak bere baitan bizi diren deabruak direla erraz ikusiko dugu besteok. Protagonistak ez daki nora doan, guk ere ez, baina susma dezakegu. Tamalez, hau ez da Rebel without a cause.

Eskertzekoa da drama sozial zinematografikoetan pertsona arrunten istorio arruntak erakustea, irakaspenik gabeko kontuak. Egokia deritzot film batean gazteen ageriko heldutasun eza islatzeari, gure errealitateko pasarte ganorabakoak ere badirelako. Tamalez, Matt Porterfield ez da Gus Van Sant.

Protagonistaren jarraipena urrutitik egin beharrean, axolagabekeriaz arituko delako Porterfield. Eta okerrena dena: utzikeriaz aurkeztuko digu ikusleoi. Zuzendariak ez du —edo agian ez daki— gehiegi sakondu nahi gaztetasunari datxekion asaldaduran. Tamalez, hau ezerezaren kontenplazio hutsa da.

Eta kito. Ondo antzeztua eta zuzendua dago, zinema low-key indie-aren kanonei zorrozki jarraituz. Sundance moduko zinemaldi indie-etan hain gogokoa duten film huts topikoa, mami gutxikoa. Deskafeinatua aurkituko dugu emaitza, ikusleok badakigulako gatzgabeko pertsonaien istorioak kontatzeko ez dagoela zertan gatzgabeko pelikula bat egiteko premiarik. Tamalez, zuzendariak ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.