Uda batez Galeuscan

Leku itxiak

Coruña (Galizia), 1978. Idazlea eta filologoa. Hamarretik gora poesia liburu emanak ditu. Azkenak, O libro das mentiras (2012), s/t (2015) eta Antídoto (2018). Espainiako Kritika saria jaso zuen duela bi urte, galegozko narratiba sailean, Bibliópatas e fobólogos-ekin. Xerais saria ere jaso zuen 2018an, Besta do seu sangue nobelarekin iazko San Clemente-Rosalía-Abanca saria ere eman zioten lan horregatik. Jules Verne sariduna izan zen iaz, Os corpos invisibles liburuagatik.

EMMA PEDREIRA.
2020ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Mando baten gainean etorri zen, eta marmarrean eta puzka hartu zuten auzokoek segituan: hara, zera pentsatuko du Pazos de Ulloan dagoela! Eta ohartu gabe brusak zimurtzen zitzaizkien biei batera bularren gainean, eta hara eta bo eta kaka eta begira, mando arrearen lasterraldi traketsak eman zien atentzioa, eta mando gainekoaren arreo txikiak. Nahiko zuten ateetan barrena ikusi kristalezkoak balira bezala, kabinzotz, asko zen ba kanpoko bat etortzea jauretxearen jabetza beretzat aldarrikatzera bere lau abizenetako lau puntu kardinalez baliaturik —habeen adinako bi marraz lotuak abizenak—. Eta izan zen esan zuenik abizenak eros daitezkeela sagar zakuak bezala eta marrena handiusteen kontua zela, López edo Díaz aski ez dutenena. Hantustekeriak. Eta halaxe jarraitu zuten heldu berria lumatzen, ordurako jauretxetik kanpo mandodunaren itzalik edo zamariaren usainik ere ez zegoela, eta, festako azken petardoaren kea ahazten den bezala, auzokoek, buelta hartu eta, beste norbait larrutzeari ekin zioten.

Tabernan izan zen lau abizenekoa pattarretan zopatu zuenik. Erdiko deitura ingelesa da. Eta zein da lauren artean erdikoa, txoroa? Bada, erdikoetako bat deitura ingelesa da, eta horrek handiago egin zuen mandotik jaitsi gabe patioko atetik jauretxera sartu zen hura. Errementariak badaki, animalia hilabeterako errentan eman baitzion atzerriko zilarra ordainetan. Eta deiturena nolatan? Okerreko kabala ez bueltatzeko sinatutako agirian paratu zuen izena. Dominoko fitxek txin-txin egin zuten mahaiaren gainean, hezurdura bat bere hilarriaren gainean ziplo eroriko balitz bezala. Badakizu zer? Ez dago kanpotarrekin fidatzerik, berdin zer egin zuen haien aititak edo nor izan zen hura. Bestelako justizia bat behar litzateke, herriarentzat onuragarri litzatekeen usadio bat zabaldu: etxe bat hainbeste urtez hutsik geratzen bada, inork hura erreklamatu gabe, etxea hura nahi eta manten dezakeenaren eskura pasatuko litzateke. Txakur galdu batez bezala hitz egiten al duzu etxe batez? Zer dira etxeak, ordea, animalia galduak ez badira? Ez al dira hiltzen zaintzen ez badituzu, ez al dute behea jotzen?

Errementariak ez zuen gau hartan joan nahi izan tabernara, halaxe hitzemana zuelako, eta eskua eman aurretik esku-ahurrera tu egiten duena bezain etxe onekoa da mailua eta kurrikak darabiltzan Vulkanoren oinordekoa. Errementaria ahozko poeta bat zen. Nahikoa eskurik eduki ez, ordea, metala jotzeko eta idazteko, eta gaua irakurtzen ematen zuen eta eguna burdina astintzen bertsoak errezitatu ahala, kezko eraztunak bezala ahotik ateratzen zitzaizkion bertsoak; errementariak pipatu ere ezin zuen egin, edo hazka egin hazkura zuenean. Ahots sakon hartan katigaturik geratu zen, eseak haur batek bezala esanez eta erreak habaila batek bezala, eta etorri berriari agindu zion ez zuela deus esango etxean egokitzeko beharko zituen egunetan bederen, herrira hornigaiak erostera atera arte. Albistez eta solasez ferratua eramaten zion mandoa errementari poetari, arima bahiturik eramango balio bezala.

Notarioak papertzarrak bildu eta xingola gorrimin batekin lotu zituen, afera garrantzitsu azkenduak markatzen zituen eran. Azken puntua jarria zion, hondarrean, herentzia haren onespen-eskriturari, hainbeste belaunalditan geldieran egon ondoren, oinordekoek ez ikusiarena egina baitzioten Portavíako harrizko eta egurrezko jauretxeari. Gero, puru labur bat piztu zuen, txokolate-ontza bat bezain beltza, eta bi tiraldi jo zizkion, birikak txistuka jarriz. Lila argiago batean erdi egina zuen bere testamentua ordurako.

Bi auzokoak magnolia baten pare zabaldu ziren, Balbinaren kontuak aditzeko. Gau hartan, lehen aldiz urte askoan, ez zuen lo egingo Portavían bere etxeko ohean baizik. Ez dut begirik bilduko. Ez dut inoiz lo egin gauez ohe horretan, eztei-gauean bakarrik, eta gau hartan ez nuen lorik egin, badakizue. Etxeko ohean egin ditut alaba guztiak, baina egun-argiz, zeren, Jainkoak ondotxo dakienez, bizi guztia eman dut jauretxea gauez zaintzen, eta badakizkit sagu guztien izenak ere, eta nire gelan oraindik bero daude beheko suko errautsak eta artilezko lastairak oraindik nire forma du bularturik. Auzokoek baietz egin zuten buruarekin, eta bietako batek lastairako hobiaren irudia osatu zuen buruan, eta besteak pentsatu zuen zenbat diru irabaziko zuen Balbinak ia hotel batean bezala lo eginda azken berrogei urteetan.

Ez auzokoek, ez errementariak, ez notarioak, ez tabernako zirtzilek ez zekiten, ordea, Balbinak mukizapia ateratzen zuelarik mahukapetik tristuraren tristuraz ez zela lana galdua zuelako, Lauabizenek hitza emana baitzion eguneko txandara pasatuko zela garbitasuna egiteko eta jatekoa prestatzeko, ezpada lan-ordutegia aldatua ziotelako berrogei urtez Portavían bere gisara gautxori ibili eta gero. Etxejabe berriaren kontu hartan okerrena zen Catarina andreari agur esan beharra, ixiiiii, ixoooo, txistttt, inork ezin du haren berri jakin, Balbina, edo erotzat hartuko zaituzte, baina negar, negar egin behar duzu galerengatik, eta berriro begiratu zion frontisko armarriari: zubia, sei biribilak hondo urdin baten gainean, Figueroatarren hiru piku-orriak eta mamuaren busto harrizkoa, astean hiru gauetan agertzen zitzaion haren berdin-berdina.

Eta Lauabizenek ukondo eta orpoekin jo zuen lastaira gogortua, bestelako forma bat emateko. Ez zen erraz baketu, etxe guztian kiratsa baitzegoen, lixiba, aza egosiak, ez zekien zer zela-eta baina larritu egiten zizkion gogo-bihotzak sunda hark. Kriseilua itzali zuen, eta, beheko suko txingarrak baizik ez zeudela, ikusi zuen, ikusi, zeharrargi, argi kontran, ketan edo gazatan bildutako gorputz hura, ezin zehazki jakin ez baitzion inori ukitzen uzten, berak bakarrik ukitzen zuen ohera igoz bere gorputzaren gainean, lehenbizi orkatiletan bermatuz, gero belaunetan eta aldakan, bere urrats astitsu izotzezkoarekin dena iratzarriz, musu hotz latz batekin esnatu arte, zeina, ateko heldulekuaren zaporea eduki arren, zentzumen guztiez jabetzen baitzen.

Topatu egin zaitut azkenean. Lauabizenbimarrak utzi zion botoiak, xingolak eta anonimatua erauzten, eta Catarina agurtu zuen antzina ohi zuten bezala, gazte, aske eta bizirik zeudela bezala. Zamaria aztoratu egin zen patioan, jakina denez espirituak usaindu baititzakete animaliek, eta trumoiak jo zuen, bi elkartzen direnean gertatu ohi den bezala.

Itzultzailea: Iñigo Roque Eguzkitza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.