18. Korrika. Bigarren eguna

Maldak gainditu dituzte Nafarroan

Aldapaz eta izotzez jositako bidean babestu dute Korrika Nafarroako herrietan, harik eta Iruñera iritsi diren arte; jendetza elkartu daAlde zaharra oihu batean bildurik, euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatu dute iruindarrek

Dozenaka aldarrikapen atera zituzten korrikalariek; esaterako, ospitaleetako sukaldeak publiko izatearen aldekoa, irudian ageri denez. JAGOBA MATEROLA / ARP.
Garikoitz Goikoetxea, Edurne Elizondo
Iruñea
2013ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Maldaz eta gorabeheraz betetako bidea izan zuen 18. Korrikak atzo Nafarroan, euskarak duen egoeraren ispilu. Jendearen ahaleginez, ordea, gainditu zituzten bide malkarrak, eta lortu zuten Iruñeraino iristea. Jendetza handia batu zuen euskararen aldeko lasterketak Nafarroako hiriburuan, bereziki alde zaharrean; euskararen aldeko oihuz bete zituzten kaleak ehunka eta ehunka lagunek, harik eta Santo Domingoko aldapan sakabanatu ziren arte. Gaur goizean ere Nafarroan jarraituko du Korrikak, baina Ipar Euskal Herrira egingo du; Maulen eguerdi partera dute hitzordua, eta arratsaldean, Donibane Garazin.

Andoainen, Gipuzkoan, hasi zuen aurtengo bidea Korrikak herenegun, baina ordu gehienak Nafarroan egin ditu. Elur artean. Otzaurtetik sartu zen herrialde horretara, Altsasura; elurra ugari zen bide bazterretan, baina arazorik ez zuten izan igarotzeko. Gorabeherak goizaldean sortu ziren; izotza egin zuen, eta lasterkariek lanak izan zituzten zutik eusteko. Lekunberritik Etxarrirako bide aldapatsuan, esate baterako, zuri-zuri zen bidea, eta irrist egin zuen batek baino gehiagok errepidean. Inork ez zuen minik hartu, ordea.

Bide luzeak, talde laburrak

Kilometro luzeak joan ziren Ultzama bailarako asko. Herrien artean bide luzea eta herritar gutxi bizi, hamar bat laguneko taldeak nagusitu ziren. Herriguneetan jaso zuten herritarren beroa: Etxarrin, aitona-amonak bastoi eta guzti atera ziren; Basaburu aldean, herriko sendagilea irten zen bide bazterrera txalo jotzera, eta ikastetxeko umeak ere bai, errenkan.

Iruñerrira iristean ugaritu zen jendea. Berriobeitin nabaritu zen aldaketa: herritar sail handiak pilatu ziren errepidean eta bide bazterrean; bizikletazaleak agertu ziren. Joan ziren elurrak. Maldak ere bai. Baina errepidekoak soilik. Euskararenak gero eta ageriagoan geratu ziren: bide bazterrera begiratzea aski, seinalea-eta zer hizkuntzatan dauden. Zizurren biak batean batu ziren: euskararen maldak eta bidekoak. Herriguneraino iristea jarri zuten erronka gisara ehunka lagunek; heldu ziren gehienak, eta pilaketa handia sortu zuten atzeko aldean.

Nafarroako egoeraren ispilua

Batean eta bestean daukaten egoeraren ispilu izaten da Korrika, eta Nafarroan jasaten ari direna salatu zuten batean eta bestean. Goi tentsioko argindar linearen aurkako kartelak, erietxeetako sukaldeak pribatizatzearen kontrakoak, eta, batik bat, murrizketen aurkakoak. Ikasleak eta irakasleak baitziren gehienak. Iruñera, Buztintxuri auzotik sartu zen Korrika, eguerdian. Auzoko eskolako kideek egin zioten harrera. «Orduak ez digu mesede egin, bazkaltzeko garaia baita. Ahal izan dugunok hemen gara, hala ere», adierazi zuen Ana Zaritiegi zuzendariak. Ilusio eta txalo artean hartu zuten Korrika neska-mutikoek. Sartu-irtena soilik izan zen eguerdikoa, edonola ere; Txantreatik, Iruñerriko beste herri batzuetara egin zuen berehala.

Arratsaldean egin zuen benetako ibilbidea Nafarroako hiriburuan, Barañaindik sartuta. Mendebaldea eta Ermitagaña zeharkatu, eta Donibane auzorako bidea hartu zuen. AEKren Irrintzi euskaltegia auzo horretan dago, eta herritar askok hura hautatu zuten lasterketari ekiteko. Soinua lagun izan zuten, gaitero batzuekin. Ez ziren bakarrak izan: aurrez, eguerdian, joaldun jantzitako umetxo batzuek atera zuten zintzarri hotsa, eta, Iruñeko alde zaharrerako sarreran, lagun talde batek txaranga bat osatu zuen.

Haren ondoren etorri zen, hain zuzen ere, eguneko une nagusia: Iruñeko alde zaharra. Urteak dira Korrikak aparteko giroa sortzen duela kale horietan, eta atzo ere gisa beretik joan zen; areago, gainera, ostiral arratsaldea eta eguraldi apartekoa izanda. Kaleak leporaino bete ziren, eta euskararen aldeko oihuak etenik gabe gailendu ziren Santo Domingora arte. Han sakabanatu zen jendetza.

Eta aldapa berriro. Etxauri aldera, maldak atzerarazi zuen jendea. Eskerrak mokadu bat prestatua zuten auzokoek, bide bazterrean mahaiak atonduta. Lizarraldera joan ziren handik. Gaur malda gehiago, euskarak dituenen adierazle: Pirinioetatik igarota, Zuberoa eta Nafarroa Beherea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.