ANALISIA

Nondik atera dira hautagai hauek?

Samara Velte.
2016ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Gutxitan lehiatuko ziren AEBetan horren ospe txarreko bi hautagai. Clinton eta Trump zailak dira maitatzeko, eta litekeena da astearteko boto gehienak ez izatea inoren aldekoak, norbaiten aurkakoak baizik.

Bada, nola iritsi dira alderdiak egoera honetaraino? Azalpen posible batek dio primarioetan dagoela koska. Demokraten eta errepublikanoen arteko polarizazioa bikoiztu egin da azken hogei urteotan, eta, gaur egun, gai oinarrizkoenetan ere ez datoz bat: trumpzaleen %81ek uste dute AEBak okerrago daudela duela 50 urte baino; clintonzaleen %19k baino ez dute hala uste. Alderdietako kideek elkarri buruz duten irudia ere okertu egin da nabarmen. Polarizazio handiena «politikoki aktiboen» direnen artean antzeman dute: primarioetan hautagaia erabakitzen duten militanteengan, alegia.

Alderdi Demokrataren lehenbiziko itzulian, nabarmena zen muturrerako joera. Bernie Sanders eta Clinton ikusita, nekez pentsa zitekeen alderdi berekoak zirenik: hautagai bat izan litekeen bezain ezkertiarra zen lehena, gobernu zaharren ondorengoa bigarrena. Aukera pragmatikoa, moderatuagoa nagusitu zen azkenean: Clinton gutxiren faboritoa zen, baina kontsentsuzko hautagaia izan zitekeen gutxienez, eta Sanders baino zubi hobea errepublikanoengana heltzeko.

Errepublikanoen bandoan ere bazeuden aukera moderatuagoak, baina bi eskuindarrenak heldu ziren azken fasera: Ted Cruz eta Trump. Alderdien barruko aniztasunaren ordez, bakoitzaren aurpegi muturrekoena dago orain bozetako menuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.