KRITIKA. Zinema

Egunerokoa, izugarria, erreala

Xavier Legranden Jusqu'à la garde filmaren irudi bat. BERRIA.
Gontzal Agote.
2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun

'Jusqu'à la garde'

Zuzendaria: Xavier Legrand. Herrialdea: Frantzia. Aktoreak: Lea Drucker, Denis Menochet, Thomas Gioria. Iraupena: 93 minutu.

Zinez harrigarria da Xavier Legrandek bere lehen film luzean lortu duen depurazio maila, zinemagile askok ibilbide luzean ezta hurbiletik lortzen ez duten oreka, patxada eta indarra. Jusqu'à la garde pelikula lehor eta gordina da, estetizismoetan galtzen ez den istorio deserosoa, eguneroko izuan oinarritzen dena.

Kontatzen duena berez originaltasun handirik izan gabe, kontatzeko moldeak egiten du berezi Legranden estreinako lana —zuzendariak, berak Alexandre Gravasekin batera, aurrez egindako Avant que de tout perdre laburrean oinarritzen dena—. Tregoarik gabeko borrokari emandako trataerak Europako zinema sozialarekin lotuko duela ematen du pelikularen hasierak, baina aurrera egin ahala bestelako bidea hartuko du, beldurra, tentsioa eta ezinegona benetako protagonistak bihurtzeraino.

Alde horretatik, Legranden ariketa fina Michael Hanekeren zinemagintzatik gertu dago: urruneko planoak, enkuadraketen geometria, eremuz kanpokoaren zein soinuaren erabilerak izanen dira pelikulari distira berezia emanen diotenak. Austriarrak horren ongi maneiatzen duen distantzia kirurgikoa ere baliatuko du familiaren hondamendia kontatzeko; biolentzia momentu oro da presente, nahiz eta esplizituki oso plano gutxitan agertu.

Trataera hori hasiera-hasieratik izanen da agerian, antologikoa baita epailearen bulegoan filmari hasiera emanen dion isiltasunean eta zalantzetan oinarrituko den pertsonaien aurkezpena. Horrek markatuko du ondoren etorriko denaren norabidea, sekuentzia luzeak, mozketa gutxi eta modu neurtuan gorantz eginen duen intentsitatea itogarria.

Jusqu'à la garde errealaren zinemarekin adiskidetzeko balio duten harribitxi bakan horietako bat da, istorio bat artifiziorik gabe nola kontatu ahal den horren adibide txundigarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.