KRITIKA. Musika

Fantastikoa edo fanatikoa?

Lionel Bringuier orkestra zuzendaria. BERRIA.
Arkaitz Mendoza.
2018ko apirilaren 19a
00:00
Entzun

Zuricheko Tonhalle Orkestra

Zuzendaria: Lionel Bringuier. Pianoa: Simon Trpceski. Egitaraua: F. Liszten Pianorako 2. Kontzertua eta H. Berliozen Sinfonia Fantastikoa. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriumean. Noiz: Apirilak 17.

Betiko eztabaida: Zuricheko orkestrak berak horren ozen eta etengabeko garrasian interpretatzen du Hector Berliozen Sinfonia fantastikoa ala izan beharko lukeen bezala, haren zuzendari Lionel Bringuier gaztearen esanetan jaurtitzen ditu Berliozen notak? Zurichekoen Sinfonia fantastikoa fanatikoa iskanbila handiko partitura da, ez da kontrasterik antzematen: beren pianissimo-a edozein orkestrarentzat mezzopiano bat litzateke. Zuzendariek agintzen duten bezala jo behar dituzte musika atalak orkestrek, beraz, kasu honetan Bringuierren errua da pairatutakoa. Etorkizun handiko batuta honek konpasa oso argi adierazteaz gain, ez zuen partituratik misteriorik atera; suitzarrak Sinfonia-ren gainetik pasatu ziren, hausnarketa eta une barnerakoirik gabe. Hori bai, sendo, indar, trinko eta potentzia alorretan bikainak dira, baina entzuleak ezin du hiru ordu laurden dezibelio handiko bonbardaketa mingarri bat jaso zentzu izpirik gabe. Hori bai, Aste Nagusiko su artifizialetako amaierako trakaz maiteminduta dauden donostiarrentzat orkestra hau sekulakoa izan da; beraz, iritziak mila!

Gutxienez, piano jotzaile on bat entzuteko aukera izan dugu Franz Liszten Pianorako2. kontzertua-ren bitartez. Simon Trpceski mazedoniarrak teklatua menderatu eta erromantizismo kutsu ezin hobe baten ardatzak biribil egiaztatzen dituela erakutsi zigun. Piroteknia teknikoz josita dago partitura hau, eta ez da erronka makala nota guztiak hamar hatzetan txertatu eta dantzan jartzea. Trpceskik, berriz ere soinu monotonoan jardun zuen orkestratik aldenduz, melodia ederrak oparitu zizkigun, zailtasuna erraztasun bihurtuz. Zuricheko orkestrak biolin jotzaile pila ekarri ditu kontzertu bira honetara, eta nahiz eta kantitateak bolumen eta intentsitatean lagundu, soinu epel aingerutar bat ere ekoizteko baliabide ona da musikari askotxo elkartzea. Amaitzeko, kontzertu kanpoko albiste bat: Bringuier zuzendariak hurrengo hilabeteetan amaituko du azkeneko urteetan Tonhalle orkestrarekin mantendutako erlazioa, ez baitiote kontratua berritu; egia esan, entzun eta ikusitakoak begi bistako arrazoiak utzi ditu mahai gainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.