Desobedientzia zibila. Ondorio penalak

Eskubide eta delituaren mugan

Desobedientzia zibila eskubidea da, ala delitua? Berez, desobeditzea ez da delitua, baina zeharka arau hausteak egin daitezke. Horiek zigortu egin behar dira, edo eskubideen urraketaren salaketa gailentzen zaio delituari?

Oihana Elduaien Uranga.
2013ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Desobedientzia ez da delitua. Baina desobedientziak, delituzko ekintzaren bat egitea dakar, gehienean. Zigortu daiteke hori? Zigortu behar da? Jon Mirena Landa EHUko Zuzenbide Penaleko irakasleak argi dauka, indarkeriarik erabiltzen ez den bitartean, ez direla desobedientzia ekintzak zigortu behar. Aitzitik, ekintza horren azpian dagoen eztabaidari eutsi behar zaiola dio, demokrazia bera aberastuz.

Baina, ondorio penalak izan ditzake desobedientziak, eta baditu. Desobedientzialariak badaki hori, eta ondorioak baliatu egin nahi ditu, desobedientzia egitera eraman duen arrazoia azalerazteko. Hala dio zuzenbide penalean aditua eta EHUko irakasle Rafael Sainz de Rozasek. Salaketa egiteko, eta gizarteak salaketa horren oinarriez gogoeta egiteko baliatzen du zigorra ere. «Badakizu ondorio penalak izango dituela, eta ondorio penalak erabili nahi dituzu, gizartea suspertzeko, mugiarazteko, espabilatzeko».

Legeak aukerak ematen ditu desobedientzia zibila zigortzeko. Hain justu, Zigor Kodeko 551. artikulutik 556. artikulura dago araututa, baina, Landak argi dauka «sen onak» egon behar duela guztiaren oinarrian. Kodea hertsiki hartuz gero, zigorrerako arrazoiak bilatuko dituen polizia, fiskal eta epaileak egongo diren arren, demokrazian halako eztabaidei aurre egiteko «itsu-itsuan» zuzenbide penalera jotzea «autoritarioa» dela dio.

Lege arau batzuk zehaztea ondo iruditzen zaio, funtzionario publikoak babestu egin behar direlako «guztion alde ari direnean». Baina, testuinguru politiko argi batean, aldarrikapen politiko batekin, jende multzo batek desobedientzia egiten badu, ez du uste hor zuzenbide penalak esku hartu behar duenik. «Ez dut esatenlegezkotasun printzipioaren gainetik pasatu behar dela, baizik eta demokraziaren dinamika babestu behar da. Herritarrak baldin badaude, serio, gauza baten kontra, modu baketsuan, kasu egin beharrekoak dira. Zentzuzkoagoa da bide penala baztertu, eta bide demokratikoetatik aritzea».

Izan ere, demokraziaren beraren esentzia dago jokoan. Halaxe ulertzen dute zuzenbide penaleko bi adituek. Eztabaida politiko edo soziala dago desobedientzia ekintza ororen azpian. Jarrera norberak hartzen du, edo taldean, baina, desobedientzia zibila tresnatzat hartzea erabakitzen duenak, ez du «bere arazoa» konpondu nahi. Sainz de Rozasek dio abiapuntuan jarrera morala dagoela, etikoki sendo oinarritua eta errotua. Ekintza publikoak egitean, «ikuspegi demokratikotik, erronka botatzen diozu gizarteari. Hor prozesu bat sortzen da politikoki oso aberasgarria dena».

Mahatma Gandhiren hitzak dakartza gogora : «Justua ez den sistema batean, pertsona justu baten lekua espetxea da». Justua ez den zerbait gertatzen ari dela salatu nahi du desobedientzialariak: «Gizarteari esaten diozu, 'jakin dezazuen, justua ez den arrazoi honengatik naramatela preso'. Hortik sortzen den eskandalua lortu nahi da, indar bat sor dadin, gauzak aldarazteko».

Biek ala biek diote modu baketsuan egin behar dela desobedientzia zibila, baita «modu inteligentean» ere. Izan ere, arrazoia duzula uste izan arren, askotan ez daukazu gizartearen gehiengoa zurekin, baina gutxiengotik abiatuta, gehiengo horri akuilua sartu nahi diozu, kontzientzia moralean, justiziaren zentzu zabalaren inguruan.

Aldarrikapen horiek lekua izan behar dute, Landaren irudiko, «demokrazia sendoetan», betiere, modu baketsu eta politikoan egiten badira. «Esango nuke desobedientzia aldarrikapen politikoak egiteko modu zintzoa dela, are batez bestekoaren gainetik dagoena. Jendeak arriskatu egiten du bere ideiak defendatzeko, baina inori kalte egin barik». Ez du zalantzarik hori errespetatu egin behar dela. Aldarrikapenarekin ados egon edo ez, aldarrikapena bera errespetatu egin behar da, eta ez bide penaletik jo.

Horretarako, indarkeriarik eza modu inteligente batean erabiltzeko premia azpimarratu du Sainz de Rozasek: «Nire aurka egiten duzun indarkeria hori, ondo erabiltzen badut, zure kontrako bihurtuko da». Horretarako, «gizartearen inguruabarrak» ondo aztertu behar direla dio: «Ezinbestekoa da indarkeriarik ezaren ezaugarri hori, desobedientzia zibilaz hitz egin ahal izateko. Eta ez bakarrik tresnetan edo bideetan, baizik eta batasun bat egon behar du, koherentzia bat tresnen eta helburuen artean, denbora osoan. Koherentziatik ateratzen duzu indarra, eta askoz errazago izango duzu transmititzeko, aurrera eramateko, eta politikoki defendatzeko».

Ados dago Jean-Francois Blanco Iparraldeko DEMOen mugimendukoen defentsan aritutako abokatua ere: «Bortizkeriarik ezak esan nahi du ezin dela gaitzetsi, molde baketsuak errazago ahalbidetzen du sostengua eta jendearen engaiamendua, eta maiz anitz jendek emana da, eta horrek, errepresio judizial eta poliziala zailago izatea dakar».

Sainz de Rozas bur-belarri ibili zen intsumisioaren mugimenduan. Abokatu lanak egin zituen, besteen artean, eta legeak ematen dituen zirrikituak baliatzen saiatzen ziren. Izan ere, zirrikituak egon badaude: Bidezkotze kausak deritzotenak.

Egindakoa delitua izan arren, hori ez zigortzeko dauden arrazoi posibleak dira bidezkotze kausak. Horien artean daude «beharrizan arrazoiak» eta «askatasun ideologiko, politikorako eskubidearen egikaritzea», besteak beste. Desobedientzia egiten duenak onartu dezake delitua egin duela, eta, ideologia askatasuna eta adierazpen askatasuna egikaritzen ari zela argudiatu. Hala izanda, justifikatuta legoke egindakoa. Baina epaileen esku gelditzen da, eskubidea egikaritzen ari zen, edo egindako delituak indar gehiago daukan erabakitzea. Sortzen duzun kaltea egin duzun onura baino txikiagoa izatea da gakoa.

Landak azaldu duenez, aurrez aurre jartzen dira autoritate bati desobeditzean egindako kaltea, eta eztabaida demokratikoaren barruan errebindikazioa egiteko asmoa. «Eztabaida demokratikoak ere sostengatu egiten du estatu demokratikoa, sustatu egiten du eztabaida publikoa, eztabaida ideologikoa. Eta hori, demokraziaren bihotza da. Zeri eman lehentasuna?». Berak argi dauka hori beharrizan egoera dela, «kalte bat bestearen aurka. Eman diezaiogun lehentasuna bigarrenari. Ahatz gaitezen autoritatearen kontra egindako kalteaz, babestu nahi ditugulako demokrazian dauden funtsezko eskubide horiek». Legeak interpretaziorako aukerak ditu, eta eskubideak bermatzeko; «zenbat eta irudi demokratiko zabalagoa izan, hobe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.