Bertsolari Txapelketa Nagusia

Goragoko neurri batean

Amets Arzallusek alde handiarekin irabazi du lehen itzuliko aurreneko finalaurrekoa Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuanGora egin du bertsolarien mailak eta bertsozaleen giroak; 1.500 lagun bildu dira

Jokin Urangak eta Amets Arzallusek lortu zituzten puntuaziorik onenak atzoko saioan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Beñat Zamalloa Akizu.
Gernika-Lumo
2013ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Beste neurri bat hartu zuen atzo Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Saioak gora egin zuen kalitatean, eta giroak ere gora egin zuen. 1.500 bertsozale izan ziren oholtzan zeuden Amets Arzallus, Jokin Uranga, Jone Uria, Jon Martin, Julio Soto eta Nerea Elustondo bertsolariek zer emango. Beste neurri bat eman zion txapelketari Arzallusek berak, eta alde zabalez irabazi zuen. Ideietan, joskeran eta zuzentasunean, denean, nabari zitzaion koska bat gorago zegoela. Gainontzekoak beheragotik jardun arren, ertz gehiagoko bertsoaldiak utzi zituzten.

Ertz gehien izan zituzten ofizioetan kantatu zuen Uriak. Ideia politak utzi zituen ofizio guztietan, baita finen aritu ez zenetan ere. Zortziko handian Elustondorekin kantatu zuen. Lehen aurkezpenean, rola jan zuen Bernar Mandaluniz aurkezleak, baina bigarren irakurraldian zehaztu bazien ere, ez zuten albora utzi garapenean. «Kale-garbitzaileak dira Jone eta Nerea. Gaurko greba-deialdian gutxieneko zerbitzuetan lan egitea egokitu zaie», aurkeztu zien gaia osorik. «Ustez zerbitzu minimoekin / ona egin dute obra / ohartu gabe eurak direla / gizarte honen zaborra», bukatu zuen bigarrena Uriak. «Ipini zara poltronetako / zabor pilari begira / guk errefustzat tratatu arren / berziklagarriak dira», bota zion erantzunean Elustondok. Eta ironiaz borobildu zuen lana.»Ta babes gabe gera ez dadin / gure kide denen greba / egin dezagun iraultzatxoa / goazen kafe bat hartzea».

Uria eta Elustondoren aurretik aritu ziren Martinek eta Arzallusek zuzen osatu zuten ariketa. Nahasia izan zen, berriz, Sotoren zortziko handikoa, eta estu ere aritu zen zenbaitetan. Urangak eutsi zion, eta gaiak kokatu zituen gai sozialaren aurrean, hainbat salaketari indarra eman zien bertsotan.

Arzallus lehen aldiz osoen eta goren zortziko txikikoan jardun zen. Uriarekin egokitu zitzaion. «Amets artzaina da. Bere artaldea etxeratzen ari dela, bidean Jone autotik klaxona jotzen hasi zaio erotu beharrean», zuten egoera. «Turismo bide ona / ez duzu ba hauta / hemen lehentasuna / artaldeak dauka», bukatu zuen aurrenekoa Arzallusek. Bigarrenean ere ideia freskoak izan zituen Uriak: «Lehentasunez ez zaitez / zu jarri erreta / ardiei koro egiten / ari nintzen eta», bota zion. Zirtoka jarraitu zuen bigarren bertsoan bertsolari bizkaitarrak. «Ostras, antza baduzu / beiratuta ondo; / Urepeleko artzaia / ez zara izango?», izan zuen ideia, orduan. Goitik behera eta bikain borobildu zuen bertsoaldia saioko irabazleak: «Tira, artzai txakurrai / hasi baimen eske / buztana makurtu du / pasatu zaitezke».

Jon Martin eta Jokin Uranga azken bertsoetan ziren gaiari bidea topatu ziotenerako. Sotok eta Elustondok ere ez zuten hari argirik izan, baina tarteka bota zituzten gaiari lotutako erreferentziekin zenbait puntu umoretsu.

Gizarteko gaiak izan ziren lehen puntuetako gehienak. Bat-batean erantzuteko eta kolpez erantzuteko zenbait puntu zail ere izan ziren tartean. Urangak izan zituen estutasun handienak. Urdaibai izan zuen gai, eta azken bertsoan mapan oina ere ez zitzaion erraza egin. Lehen puntua emandakoetan Elustondoren hirugarren bertsoa izan zen finena. «Lagun asko al duzu / zure inguruan?», galdetu zion Mandalunizek, eta hala erantzun zion Elustondok: «Batzutan duda ere / badaukat buruan / baina euren beharra / daukadan orduan / euren parekorikan / ez dago munduan».

Aurreko bi eginbeharretan estuago ibili ostean, sei puntuko motzean berreskuratu ahal izan zuen maila Urangak. Uria zuen kantulaguna, eta honakoa zuten gaia: «Duela hiru urte banandu ziren Jone eta Jokin. Azkenaldian asko egoten dira elkarrekin. Jokinek Joneri proposatu dio berriz elkarrekin bizitzeko saiakera egitea». «Utzi libre maitasuna / alde daukagu, kuttuna / egin genitun akatsetatik / ikasi duguna», kantatu zuen Urangak aurrena. «Egina mila alditan / lehenago egona kinkan / ikasi eta beste batzukin / jar zazu praktikan», erantzun zion bigarrenean, kinkan ekartzeko kinkan egonda. «'Maite zaitut' esatea / eta muxu ematea / onartu ez arren zuk ere horixe / nahi duzu maitea», bukatu zuen Urangak.

Neurrikoa zuen doinu berrian egin zuen kartzelakoa Arzallusek. Kanporaketetakoen aldean, desberdina zen kartzelako gaia: «Denbora daramazu zure eskuei begira». Bertsoaldietan eragin zuen: ez ziren narratiboak izan. Eskutik abiatu zen lehen bertsoan: «Zeu zara nire erakarmena / ta zeu nire nagusia. / Orain laztan, orain keinu bat / eta gero igurtzia. / Bost behatzotan ez da kabitzen / nire maitasun guzia». Maitasunetik gorrotora egin zuen bigarrenaren azkenean ezustean: «Hemen ari naiz nire burua / madarikatzen, epaitzen / zaplasteko bat emateraino / nola ailegatu naizen». Barkamenez bukatu zuen: «Hara, hitztxo bat esku honetan / idatziko dut, 'barkatu'; / nahi ez baduzu utzi ezazu / eta nahi baduzu, hartu».

Sotok kartzelan eman zuen onenetik. Parkinsona zuela irudikatu zuen. Hala bukatu zuen: «Apurka-apurka gaindituz noa / hasierako batxea. / Zer da bizitza nahi ta bizitza dardarti? / Guztia lasai hartzea. / Ta holakotan gaixotasuna / onena da onartzea; / ta onena dut begi parea / ahaz dezadan oinazea; / eskuetatik altxatu eta / aurrera begiratzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.