Gerla Handiko euskal presoen kantuak, sarean

Tradizioan libreago

Maddi Oihenartek eta Thierry Biskarik askatasun bat ikusten dute euskal soldaduen kantuetan. Uste dute kantatzeko manerak «berdindu» direla orain.

mikel p ansa
2018ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
E z da dudarik: kantatzeko manera libreagoa zen duela ehun urte. 1916an eta 1917an hamar euskal presori grabatutako kantuak adituta, hala uste dute Maddi Oihenart eta Thierry Biskari kantari eta musikariek. Paradoxa bat dakar horrek: ehun urteko kantu horiek tradizionaltzat jo litezkeela, eta, aldi berean, libreagoak direla. Tradizioan libreago aritzeko oihartzun bat. Oihenartek esplikatu du zergatik: «Zinez berdindu da kantatzeko moldea. Grabazio hauek erakusten digute aberastasun handi bat».

Biskarik ere ikusten du aberastasun hori: kantatzeko molde anitz sumatzen dira euskal soldaduen grabazioetan. Gaur ez bezala. «Mundu hau oso neurritua da. Gure belarriek entzuten dituzte, egunero, musikaren industriak produzitutako ekoizpenak: eskala bat sartua zaigu belarrian». Eta gaur nekeza da horren kontra borrokatzea. Baina duela ehun urteko grabazio horietan badira bestelako eskalak, bestelako melodiak... «Eta hor polita da ikustea badirela manera ezberdinak kantatzeko. Hori da nik defenditzen dudana gaur egun». Tradizioari baino gehiago, sortzeari lotua dabilelako Biskari azken urteetan.

Zuberotarra da Oihenart, eta baxenabartarra Biskari. Biek ezagutu dute tradizioa hurbiletik, eta duela gutxi arte ahozko transmisioak ongi funtzionatu du han kantuekin. Alemanian XX. mende hasieran erregistratutako kantu horietatik asko edo gehienak ezagunak zaizkie, nahiz melodia edo kanturen bat berri atzeman. Eta grabazioetan badira ezaugarri batzuk gaur egun ere indarrean direnak: boz gora kantatze hori, ahots lodi hori, adibidez. Biskarik uste du gaur badela kantatzeko molde gehiago lantzeko aukera, leunago aritzeko, adibidez. Baina tradizioa izan liteke hauspo, kantugintza aberasteko, irekitzeko: «Ematen dit askatasun bat. Jatorri bat bada hor [grabazioetan], baina ikusteko ematen ahal dudala nire maneran».

Biskarik eta Oihenartek aspaldi ulertu baitzuten dena aldatzen dela, baita tradizioak ere, «nahi ezta ere». Biskari: «Iraunarazteko, balio behar dizu zuri. Balio baldin badit, egingo dut». Eta beti aldatuz; bestela, galduko da. Aldatu ezean hiltzen baita tradizioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.