Venezuela. Hugo Chavezen heriotza

Mundu bat azken agurrean

Oso herri ezberdinetako ordezkariak elkartu ditu Hugo Chavezen hileta ofizialak; nazioarteko 54 agintari izan dira CaracasenMaduro presidenteak Chavezek eraikitakoa sendotzeko lanari helduko diola agindu du

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2013ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Saudi Arabiako, Siriako edo Irango; Kubako, Ekuadorko edo Mexikoko: hainbat izaera eta ideologiatako gobernuburu eta estatuburuak elkartu zituen atzo Hugo Chavezek, Akademia Militarrean. Munduko 54 ordezkaritzatako agintariak egon ziren azken agurrean, agintari zenduaren ama Sandra Frias eta gainerako senideak babesten. Lehen lerroan, Raul Castro Kubako presidentea eta Mahmud Ahmadinejad Irangoa; Venezuelako gobernuko eta armadako ordezkaritza zabal bat ere bai, eta denen buruan, Nicolas Maduro, bozak egin arteko behin-behineko presidentea. Ohorezko Guardiak egin zituzten agintari guztiek, Venezuelako gazteek eta umeek. Eliza katolikoaren, ebanjelistaren eta baptistaren sermoiek gogoratu zuten Chavezen handitasuna, eta Cristobal Jimenez kantautoreak Chavezen kanturik maitatuenak abestu zituen: aberriarenganako maitasuna eta borrokarako grina agertzen duten doinuak.

Maduroren hitzaldi sentituak eman zion amaiera hileta ofizialari, egunotan ematen ari diren mezua berretsiz: Chavezek hasitako proiektu bolivartarrarekin jarraituko dute. «Presidente, aita eta gidari, hemen gaude komandante». Emakume batek esan zizkionak ekarri zituen gogora Madurok: «Indartsu izan. Haren arimari ezin izan dio eutsi horren indartsua zen gorputzak, eta haren arima gu denongan zabaldu da».

Chavez gezurrez belztu dutenak ekarri zituen gogora: «Barkamenerako garaia dela esaten dute, eta hala izango da, baina ezin izan zuten harekin. Betiko bizi delako, gutako bakoitzean».

Venezuelaren eta Latinoamerikaren askatzaileen historiari errepasoa ere egin zion. Zapalduta hil zituztenekoa, baina orain «askatzaileen zoria aldaraziko» dutela esan zuen, «Chavezen legatuari fidelki» jarraituta, beti izan den bezala, «ia umetatik lerro iraultzaileetan sartu ginenetik».

Hugo Chavezek utzitako testamentuarekin amaitu zuen hitzaldia. «Haren hitza, obra, grina, Venezuelako herria da haren testamentua; zapalduak, esklaboen bilobak», eta bost eginbehar utzi zituela esan zuen. Independentzia indartzea da lehena; bigarrena sozialismo zabala, demokratikoa eta amerikarra eraikitzen jarraitzea; Venezuela potentzia gisara eraikitzea hirugarrena, Latinoamerikako potentziaren testuinguruan. «Laster Latinoamerika handi bat izango dugu, zapalkuntzarik gabea». Laugarren, mundu orekatu bat eraikitzea, «inperiorik gabe, nazioarteko eskubideak errespetatuz, bake mundu bat, berdintasunean oinarrituta». Obamaren ordez, William Delahunt kongresista ohia eta Gregory Meeks kongresista izan ziren han, eta haiei eskerrak eman zizkien inperialismoaz hitz egin ondoren.

Azken eginbeharra, berriz, eta «sinpleena bezain garrantzitsuena», bizitza babestea, planeta zaintzea: «Ez bagara gai planeta hau salbatzeko, bonba nuklearrak deuseztatzeko, ibaiak kutsatzen jarraitzen badugu, ez da kapitalismoa edo sozialismoa defendatu beharrik izango, ez da beharko».

Chavez bizirik zela zerbait gaizki egiten bazuten hauxe esaten zuela gogoratu du, hunkituta: «Ni hiltzen naizenean zer egingo duzue?». Atzo erantzun zion Madurok: «Jarraitu, elkarrekin, herria, armada, haren testamentu politikoarekin, aurrera». Hasta la victoria, siempre, «Chavez bizi delako eta borrokak jarraitzen duelako».

Maduro hautagai

Testamenturik argigarriena 1999an onartu zuten konstituzioa dela esan zuen Madurok: «Chavezek idatzia, eta herriak kalean eztabaidatua eta onartua». Konstituzioa ez direla betetzen ari dioten ahotsei erantzuna zen: «Goitik behera» beteko dute. Hain justu, hileta ostean, Auzitegi Gorenak erabaki zuen Maduro izan daitekeela Chavezen ordez presidente eta, era berean, hauteskundeetarako hautagai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.