Venezuela. Hugo Chavezen heriotza. Analisia

Chavezen probidentzialismoa

Esteban Antxustegi Igartua
2013ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Hugo Chavez Friasen heriotzaz geroztik, irakurketa sakon eta zorrotzak plazaratu dira batzuetan; interesatuak besteetan. Edonola ere, eta protagonistaren nortasunaren adierazle, gehientsuenek leku gutxi utzi diote indiferentziari. Eta hala behar zuen izan, badirelako Latinoamerikako historia politikoan geografiaren ezaugarri bilakatu diren zenbait aktore, irudia, memoria eta eredua ezinbestean bilduz. Che Guevara zen aktore horietako bat, eta antzeko zerbait ari da gertatzen zendu berri zaigun Chavezen irudiarekin ere.

Neronek, probidentzialismoaren ikuspegitik begiratu nahi diot Chavez fenomenoari, eta, ikuspegi hori ulertzeko, Latinoamerikaren kolonizazioaren garaietara jo behar da. Latinoamerikako gizarteetan, kolonizazio osteko agertokia sinkretizazio eta finkatze prozesu konplexu baten emaitza da; izan ere, eta prozesu horrek hierarkia, lidergo, bazterketa, gune sakralizatu eta politika egiteko modu jakinetan oinarritutako mentalitate bat du ardatz. Historian errotuta dago logika hori, espainiar neoklasikoek XVI. eta XVII. mendeetan markatutako bidean aurki dakizkioke sustraiak.

Probidentzialismoak pertsonen bizitza subjektiboan eta imajinarioan du eragina: markoa ematen dio bizimoduari, eta morala, zuzenbidea, hezkuntza eta beste hainbat arlo markatzen ditu; bizitzaren iparrorratza da. Probidentzialismoa kontzeptu teologikoa da, zeinetan pertsonen eta gizarteen historia Jainkoak gidatutako prozesu gisa ulertzen diren. Ikusmolde horren arabera, Jainkoak ekimenerako plaza bat ezartzen du gizateriak bere historia eraiki dezan. Kolonoen eta erregeordeen ideologia probidentzialismo kristaua izan zen, bere erakundeak ezarri eta indartzeko. Logika horrek «zibilizatuen» eta «barbaroen» artean banatu zituen pertsonak, eta pisu handia izan zuen mundu berri hispanikoaren mentalitatea eraikitzekorakoan. Eta probidentzialismoak aldaerak izan zituen, garaien eta pertsonen arabera.

Probabilismoa izan zen aldaera horietako bat. Iritzi orokorraren kontrako ekimenak abiaraztea zilegitzat jotzen zuen probabilismoak, eta populismoaren bidea egiteko aukera eman zuen, emozio sozialen araberako argudioetan oinarrituta. Ideologia horrek Estatua eta Estatuaren erabakiak sakralizatu zituen. Baita agintea bera ere.

Askapenaren teologiak berak ere, herri indigenak askatzeko bere helburuarekin, determinismo historikoa eta erredentzionismoa nahastu zituen. Beste probidentzialismo klase bat zen, masak lider natural baten gidaritzapean garatzea bultzatzen zuelako. Indigenen mentalitatean, gainera, probidentzialismo kristaua ikuspegi kosmikoarekin sinkretizatu zen. Horrekin, beren mentalitate erlijiosoa berreraiki zuten, eta hori da komunitate askoren egitura sozio-erlijiosoaren oinarri ideologikoa.

Probidentzialismoa higatu ahala, asmo unibertsalistak zituzten beste ismo batzuk etorri ziren. Nekazari guneetan, kanpoko salbatzaile baten esperantza utzi du probidentzialismoak. Gune urbanoetan, berriz, marxismoak sarbidea aurkitu du pobretuenen artean, langile klasean oinarritutako probidentzialismo moduko bat ekarriz. Salbazioa merkatuak ekarriko duela dioen diskurtso liberalak ere bere tokia egin du. Proiektu erlijioso nagusien diskurtsoak dominazio modu berrientzako orubea goldatzen ari dira: imajinarioaren kolonizazioa. Eliza katolikoaren eta kristautasunaren beste adar batzuen probidentzialismoa, batzuetan, kultura neoliberalarekin ezkontzen ari da. Dena Jainkoak erabakitzen duela pentsatzera ohitutako buru batek, erraz ikusiko du historia bere ekinbide politikotik eta sozialetik kanpoko prozesu baten gisa. Eta finean, Estatua dominazio politikorako egitura bilakatzen da, elite politiko baten eta Elizaren botereak batuz. Horrela, erakunde politikoak santu zaindarien babespean ageri dira, Jainkoa eta Estatua bat eginda.

Aipatu ditudan esperientzia salbatzaileen azterketak eztabaida asko sortzen ditu, badakit. Eta Hugo Chavezen ekinbide politikoak eta aginteak baditu ukitu probidentzialista ugari. Hori esatean ez dut esan nahi, hala ere, bat egiten dudanik gure ikuspegi ustez ilustratutik abiatuta egin ohi diren epaiketekin, edo gure demokrazia formalaren eredua halabeharrez onartzen dudanik. Agian, gure laizismo ilustratu eta aurreratuak beste jainko eta idolo batzuk ekarri ditu, horri erreparatu nahi izaten ez diogun arren. Kontinente bakoitzak bere historia du, eta Amerika osoan agerikoa da erlijioaren eragina presidente eta buruzagi politikoengan. Baita ikur erlijiosoen erabilera ere. Horretan, esan beharra dago, presidente eta politikari iparramerikarrak ez dira salbuespen, atsegin hartzen baitute behin eta berriro aita sortzaileen ispiluan. Egia da, bai, Chavezek etengabe erabili dituela Jesusen eta Ama Birjinaren figura eta kristauen liburu sakratuak. Baina jokabide horiek probidentzialismoaren barruan kokatu dugun herri imajinarioaren baitan ulertu behar dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.