Noiz sortua: 2009-04-30 00:30:00

Tropikoetako diktadura

Fiji uharteetako presidenteak agintean berretsi du 2006an estatu kolpe bidez boterera iritsitako armadaburua, eta kargugabetu haren aurka egiten saiatu diren epaileak.

Allande Sokarros -

2009ko apirilak 30
Paradisu antzekoa bertara oporretara joaten direnentzat, infernuaren irudiko, aldiz, Itsaso Barearen hegoaldean, Australia eta Zeelanda Berriaren mendebaldean dauden Fiji uharte multzoko 932.000 bizilagunentzat. Horrela laburbildu daiteke herrialde horretako egoera, apiril honetan gertatutakoak diktadura militarra areagotu baitu.

Ezen, Ratu Josefa Iloilo presidenteak baliogabetu egin du 1997an onartutako Konstituzioa, eta larrialdi egoera indarrean jarri. Erabaki horiek hartu zituen apirilaren 10ean, eta egun horretan bertan euren kargutik kendu zituen Fijiko Helegite Auzitegiko epaileak. Horiek, egun bat lehenago, legez kanpokotzat jo zuten 2006ko abenduaren 5ean, Josala Voreqe Bainimarana Fijiko armadako buruzagiak egin zuen estatu kolpea. Gisa horretara, Bainimarana kontralmiranteak kargutik kendu zuen Laisenia Qarase lehen ministroa, Iloilo presidentearen baimen eta babesarekin.

Estatu kolpe baten ondorioa izanik ere, Bainimarana aldi baterako gobernuburu jardunean jartzea zilegitzat jo zuen iaz Fijiko Auzitegi Gorenak. Erabaki horren kontra errekurtsoa jarri zuen kargutik kendutako Qarase lehen ministroak, eta eskabide horri dio erantzuna eman Helegite Auzitegiak. Ebazpen horri uko eginda, Iloilo presidenteak euren karguetatik bota ditu Helegite Auzitegiko magistratuak, eta agintean berriro jarri du Bainimarana armadaburua.

Egon zitezkeen protestak galarazteko xedean, larrialdi egoera hilabeterako indarrean jartzea agindu du presidenteak, eta orduz geroztik zorrotz aplikatzen dute. Hala, Gobernuko eledun Neumi Lewenik hotz eta motz azaldu du, «ordena publikoa arriskuan jartzea ez da onartuko». Zehazki, manifestazioak debekatu dituzte, eta soldaduek zein poliziek zilegi dute protesta egileen kontra tiro egitea. Larrialdi egoera iragartzen zuen dekretuak zehazten du, halaber, protesta egileak hil edo zauritu ditzaketen segurtasun indarretako kideen aurka auzibidean jartzerik ez dela egongo.

Fijiko agintariek ebatzitako larrialdi egoerak zentsura zorrotza indarrean jarri du herrialdeko hedabideen aurka. Gobernuaren bozeramaileak argi esan du «nahasketak eragin ditzaketen informazioak» zabaltzea debekatuta dagoela. Hortaz, uharte multzoko egunkari handiena, Fiji Times, hainbat orrialde zurirekin argitaratu zuten larrialdi egoera indarrean jarri zuten lehen egunetan. Lekukotasun batzuen arabera, kazetari andana atxilotu dituzte, eta inkomunikazioan jarri.

Fijiko egoera dorpean argibiderik eman duten bakarrak dira Australia eta Zeelanda Berriko hedabideak. Hala, Radio New Zealand International irratiak zabaldutako lekukotasun baten arabera, militarrek dozenaka herritar atxilotu dituzte, eta kuarteletara eraman: «Han jasaten dituzten tratu txarren artean, soldaduek larrugorritan korrika egiterat behartzen dituzte, nekaduraz ezinbestean lurrera erortzen diren arte; tratamendu hau jasan duten lagun batzuk hil egin dira».

Bozketarik ez 2014ra arte

Bainimarana berriz ere karguan jartzeaz gainerat, Iloilo presidenteak iragarri du hauteskunderik ez dutela egingo 2014. urtea baino lehen. Alta, 2006ko estatu kolpearen ostean, nazioartean egon ziren salaketa eta presio egiteen ondorioz, Iloilok iragarri zuen lehendabiziko bozak 2010ean egingo zituztela, eta, bigarren aldi batean, urte honen hasieran egingo zirela ziurtatu zuen. Hitza ez du bete, eta orain esan du ez dutela hauteskunderik egingo 2014 baino lehen.

Bainimarana lehen ministroak argudiatu du bozketak egin baino lehen Fijiko hauteskunde eredua aldatu egin behar dela, eta ezaugarri etnikoen arabera moldatutako sistemaren ordez, irizpide horiek gabeko errolda eta ordezkaritza antolatu behar dela. Hain zuzen, 2006an estatu kolpea egiteko aitzakia gisa, Bainimaranak azaldu zuen Qarase lehen ministroak «nazioa zatitu» egin zuela, jatorrizko fijiar bizilagunei mesede eginda, eta indiar jatorriko herritarrak zokoratuta. Berriro agintean jarri eta gero, herritarrei zuzendutako hitzaldian, Bainimaranak berretsi du «nazio berri bat eraikitzeko oinarriak sendotzea» duela helburu.

Nazioartean salaketa oldea

Anartean, baina, diktadura bat dute pairatzen Fijiko herritarrek. Egoera horren aurrean, nazioarte komunitateak salaketak egin ditu. Australiak, Zeelanda Berriak eta Ameriketako Estatu Batuek zinki eskatu diote Iloilo presidenteari 1997ko Konstituzioa berriro indarrean jartzeko, larrialdi egoera kentzeko eta hauteskundeak lehenbailehen antolatzeko. Exijentzia berak adierazi ditu NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak, horren iritzian, «azken egunotan Fijin jazotakoak demokraziarako bidean atzera egite larriak» baitira.

Fiji uharteetan gertatutakoak «guztiz onartezinak» direla iritzi badio ere, Australiak ez du egokitzat jo zigor neurriak ebaztea Fijiren kontra, Camberraren arabera, «fijiar herritarrek pairatuko bailituzkete neurri horien ondorioak».



Historia kalapitatsua

1990eko maiatzaren 19a. Talde etnikoen ordezkaritza kontuetan, indarrean jarri zuten 1990eko Lege Nagusiari zuzenketa batzuk egin zizkion Konstituzio berria. Indiar jatorriko Mahendra Chaudhry izendatu zuten lehen ministro.

2000ko maiatzaren 19a. George Speight enpresariak estatu kolpe saioa egin zuen.

2000ko maiatzaren 29a. Speighten estatu kolpe saioa galarazi zuten militarrek, eta, horren ostean, Vorege Bainimarana armadaburua lehen ministro karguan jarri zen.

2000ko uztaila. Laisenia Qarase gobernuburu aukeratu zuten.

2006ko abenduaren 5a. Iloilo presidentearen baimen eta babesarekin, Qarase lehen ministroa kargutik kendu zuen Bainimarana armadako agintari gorenak.

2009ko apirilaren 9a. Helegite Auzitegiak legez kanpokotzat jo zuen 2006ko estatu kolpea.

2009ko apirilaren 10a. Iloilo presidenteak baliogabetu egin zuen 1997ko Konstituzioa, Helegite Auzitegiko magistratuak kargutik kendu eta larrialdi egoera agindu.

2009ko apirilaren 11. Presidenteak lehen ministro karguan jarri zuen Bainimarana.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna