Aske Gunea. Argitu gabeko auziak

Ez dira aurrenak, ezta azkenak ere

«Hau hasiera da». Askotan entzun dira hitz horiek Aske Gunean. «Herri harresia eraikitzen jarraitu behar dugu». 200 lagun inguru daude auzi politikoetan zigortzeko arriskuan.

Aske Gunea, atzo, Ertzaintza iritsi zenean, artean gauez, herri harresia prestatuta. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
2013ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Herri harresia sendo eraiki behar dela nabarmendu dute egunotan Aske Gunean. Auzi politiko ugari daude epaitzeko bidean, eta 200 lagun inguru daude politika egiteagatik espetxera eramateko arriskuan. Gutxienez, 60 gaztetik gora, Ekin eta AAMko kide izateagatik atxilotutako 10, Askapenaren kontrako operazioan atxilotutako zazpi, eta Herriko tabernenauzian nahastuta dauzkaten 41 zein Segurako polizia operazioan atxilotu zituzten 43.

Haika-Segi auzia izan zen epaiketara eraman zuten aurreneko auzi politikoa. 23 gazteri seina urteko espetxe zigorra ezarri zien Espainiako Auzitegi Gorenak, eta «erakunde terrorista» izendatu zuen Segi. Horrek soka luzea ekarri du. Atzo herri harresia zulatuta preso eraman zituzten gazteak izan dira zigortu dituzten azkenak, baina aurretik ere eraman dituzte asko, eta epaiketaren zain daude beste hainbat.

2007an Auzitegi Gorenak emandako aurreneko epai haren ondoren lehen polizia operazioa Gasteizen egin zuten, urte hartan bertan, lau lagun atxilotuta; Uribe Kostan beste zazpi lagun atxilotu zituzten; Donostian, hamabi; eta Burlatan, sei. 2008an; Oarsoaldean, Lea-Artibain, Gasteizen, Barakaldon eta Iruñerrian egin zituzten sarekadak. 2009ko martxoan Hernanin, eta azaroan polizia operazio handia egin zuten Euskal Herri osoan eta 34 gazte atxilotu —40tik gora auzipetuta daude egun—.

2010eko urrian beste 14 lagun atxilotu zituzten Fernando Grande Marlaskaren aginduz, eta beste zortzik sarekadari izkin egitea lortu zuten. Izpuran itxialdia egin zuten euren egoera salatzeko, eta Iparraldean hainbat hautetsiren babesa jaso arren, —haien etxeetan eman zieten aterpe— atxilotu eta Espainiaratu egin zituzten.

2010eko abenduan beste sei lagun atxilotu zituzten, Segiko buruzagitzako kide izatea egotzita.

170 lagunetik gora atxilotu dituzte guztira, eta epaiketen ostean Segiko kide izate hutsagatik zigortu dituzte batzuk, «talde terroristako kide» izatea egotzita. Beste asko epaitzeko daude oraindik, eta ez da epaiketa horiek ikasturte honetan egiterik espero. Operazio gehienetan tortura salaketak izan dira.

Aurten bi epaiketa

Aurreikuspenen arabera, aurten izango dira auzi politikoetako biren epaiketak. Herriko tabernenauzia ezagutzen den 35/02 auzian, tramiteak amaitzear daude, eta epaiketa eguna jartzea falta da 41 lagun Espainiako Auzitegi Nazionaleko akusatuen aulkian eserarazteko. 2002ko apirilaren 29an abiatu zuen auzi hori Baltasar Garzon epaileak, 11 lagun atxilotzeko agindua emanda. Uztailean 107 diru kontu eta 75 elkarte bahitu zituen, Batasuna «kale erasoen erantzule» eginda. Abuztuan Batasunaren jarduera hiru urterako eteteko agindu zuen, eta Ertzaintzak, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak alderdiaren egoitzak itxi zituzten. Zortzi eta hamabi urteko zigorra eskatzen du haientzat fiskalak, ETAko kide izatea egotzita.

Udazkenerako espero da bigarren epaiketa, Segurako operazioan atxilotu zituztenen kontrako 4/08 auzia, edo EHAK-ANV auzia. 43 lagun daude hor auzipetuta, epaiketara bidean. «Batasuna berrantolatzea» leporatuta abiatu zuen auzia Garzonek, 2007ko urrian Segurako operazioarekin, eta 2008ko otsailean beste operazio bat agindu zuen 12 lagun atxilotuz. Hamarna urteko zigorra eskatzen du fiskaltzak haientzat guztientzat, ETAko kide izatea egotzita.

Soka bereko bi epaiketa egin dira dagoeneko, eta epai erabat desberdinak eman dituzte epaimahaiek: Bateragune auzian zigortu egin zituzten epaitutako zortzi lagunetatik bost, eta D3M eta Askatasuna auzian, berriz, absolbitu egin zituzten epaiketara eramandako 13 lagunak.

Epaiketarako datarik gabe, baina auzitegietan bidea egiten ari dira beste bi auzi ere. 2010eko irailean zazpi lagun atxilotu zituzten Askapenako kide izateagatik, erakunde hori «ETAren nazioarteko aparatua» dela argudiatuta, eta 2011ko urtarrilean 10 lagun atxilotu zituzten Ekineko eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kide izatea egotzita.

Auzi politiko gisa ezagutzen diren gehiagoren epaiketak ere egin dizute: 18/98 auzia, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrakoa, Egunkaria auzia eta Udalbiltza auzia kasu. Aurreneko bietan zigorra eman zuten, nahiz eta pertsona batzuk absolbitu, eta azken bietan, errugabetu egin zituzten epaitutako guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.