ANALISIA

Bozak ez galtzea da helburua

Adrian Garcia.
2016ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Ideia politikoen trukea baino gehiago, salaketen eta irainen arteko hartu-emana izan da hauteskunde kanpaina. Erabat zakarra eta itsusia da bi hautagai nagusien arteko lehia; telebistan eman dituzten eztabaida liskartsuak izan dira horren isla. AEBetan, hautagaiak ohituak daude beren bizitza pribatuaren xehetasunik intimoenak ere prentsan ikusten eta aurkarien ahotan entzuten. Baina hauteskunde honetako zikoizkeria ez zen aspaldian ikusi: osasunari buruzko salaketak eta txosten medikoak erabili dituzte arma gisa. Agian izango du zerikusirik bi lehiakideen onarpen apalak, hauteskundeak irabaztea ez baizik eta ez galtzea izango balitz bezala haien helburua.

Hautagaien hitzaldiek edo mobilizazioek ez dituzte inkestak mugiarazi. Haatik, filtrazioek eta bideoek baldintzatu dute kanpaina. Zelai lokaztu horretan garaile Trump atera daitekeela esan daiteke. Emakumeen aurka hitz egiten zuen bideo horrek kalte egin dio hautagai errepublikanoari, baina ez du hari buruzko ezer ezezagunik azaleratu.

Clintonen kasuan, ordea, mezu elektronikoen filtrazioek berriz abiarazi dute FBIren ikerketa. Ondorio legalez gaindi, hautagai demokratikoaren estrategia kolokan utzi du aferak. Izan ere, Estatu idazkari gisa emandako garaia bahitu dute filtrazioek nolabait. Kargu garrantzitsu horretan pilatutako eskarmentua baliatu izan du Clintonek bere hautagaitzaren alde, auziak lehertu arte behintzat. Orain ezin ditu gogora ekarri Osama Bin Laden hiltzeko operazioa edo Errusiaren aurkako jarrera irmoa. Trumpen trapu zaharrak atera beste biderik ez du,hauteskundeak ez galtzen saiatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.