Eskozia. Independentziari buruzko erreferenduma (Eta IV)

Hormek isiltzen dutena

Presentzia handirik ez du oraindik Eskoziako independentziari buruzko eztabaidak hiriburuetako kaleetan, baina hasia da kanpaina. Inkestetan atzetik joan arren, kalean nagusi dira oraingoz independentistak.

Glasgow-eko Dalhousie kalean Eskoziako independentziaren aldeko grafitia. Erdiguneko bakarretariko bat. IÑIGO ASTIZ.
Inigo Astiz
Glasgow
2014ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Lotsati laztantzen ditu oraindik kaleak Eskoziaren independentziari buruzko kanpainak. Txanpon baten neurriko pegatina batzuk Glasgowko semaforoetan, eta Yes dioen afixa ageri duen Lego panpina baten grafitia Dalhousie kalean. Ez askoz gehiago. Banderarik ez, kartelik ez, baiezkoaren edo ezezkoaren aldeko kamisetarik ez. Isil hormak. Oraingoz irailaren 18an herrialdearen etorkizuna erabakiko duen erreferendumak baino nabarmen presentzia handiagoa du kalean hiriko zinema aretoetan estreinatu berri den Spider-man eta Electro superheroien arteko buruz burukoak. Eta, halere, kalean da debatea. Egunero daude independentziaren aldeko eta aurkako hitzaldiak, iritzi artikuluz beteta datoz egunkariak, eta mobilizatuta dago jendea. Berpizkunde politiko bat bizi du herrialdeak.

Etsipenetik esperantzarako bide osoa egin du Ross Greer-ek hilabete batzuetan. «2013an uste genuen ez genuela irabazteko inongo aukerarik. Inkestak geldi-geldi zeuden, baina 2014an aldatu zen dena. Hedabideak hasi ziren gure informazioa kontuan hartzen. Eta inkestak mugitzen hasi dira. Bultzada alde dugu orain. Eta estutuz eta estutuz doa baiezkoaren eta ezezkoaren arteko aldea». Alderdi Berdeko kide da Greer, eta baita Yes Campaign baiezkoaren aldeko kanpaina ofizialeko parte ere. Tokian tokiko baiezkoaren aldeko taldeak koordinatzea da haren lana. Kalera zabalik dago Glasgowen Hope Street kaleko bulegoa. Esperantza kalean. Bertan da hiri erdialdean Yes hitzarekin ikusi daitekeen kartel bakarretariko bat. Autopistarako norabideak ageri dituen kartel batek erdi estalita.

Irabaziko bada, kalean irabaziko da erreferenduma, Greer-ek dioenez. Eta kalea da baiezkoaren esparrua. Baiezkoarena soilik, oraingoz behintzat. «Inork ez du neurri honetako kanpainarik egin sekula Eskozian. Baiezkoaren aldeko 250 tokiko talde inguru ditugu. Sekulako eskala du mugimenduak. Hiru alderdik babesten dute baietza. SNPk, Alderdi Sozialistak eta Alderdi Berdeak, eta, beraz, sekulako oinarriarekin hasi dugu kanpaina. SNPkbakarrik, Eskoziako gainontzeko alderdi guztiek baino kide gehiago ditu. Baina bikoiztu egiten du kopuru hori Yes Campaignekin bat egin duen jende kopuruak. 10.000 boluntario ditugu kontatuta. Ziur aski gehiago izango dira».

Baina iritzi aniztasuna mantentzea da erronka. SNP izan da historikoki independentziaren bultzatzaile nagusia, eta egun ere harena da indarrik handiena. Baina baiezko guztiak ez dira baiezko bera. Eta hori zaintzen saiatzen dabiltza Yes Campaignekoak. Izan ere, ez dira abertzaleenak independentziaren aldeko boto guztiak. Asteazken arratsaldea da Edinburgon eta George IV. Kaleko Augustine eliza hautatu dute Radical Independence Campaign (RIC) taldekoek beren hitzaldirako. Baietz diote haiek ere, independente nahi dutela Eskozia, baina SNPrenaz bestelakoa da haien baietza. Ez dute nahi dibisa batasunik, eta ez dute NATOrik. Gizarte mugimenduetako jendea da nagusiki, joera ezkertiarrekoa, unibertsitateko ikasleak: 80 bat pertsona bai, guztira. James Foley dabil hizlari, Yes, The Radical Case For Scottish Independence liburuaren egilea: «Britaniar establishment-ak dio elkarrekin indartsuago izango garela, baina 2008ko krisi ekonomikora eraman gintuzten indarrek jarraitzen dute han. Erresuma Batua ez da leku segurua».

Norabide argia du mezuak. Klabea izan da baiezkoarentzat berez ezezkoaren alde lerratu den Alderdi Laboristako militanteengana heltzea. Badago alderdiaren diziplinarekin bat egiten ez duen jende multzo bat, eta hasiak dira lider batzuk ere baietz bozkatuko dutela esaten. Myke Dyer Annieslandeko hautes barrutiko ordezkaria izan da azkena, eta gehiago etorriko dira ziurrenik. Laborista zale talde horrek lerratu dezake erreferenduma alde batera edo bestera. Eta hor egin dezake kosk RICek. Izan ere, ezkerretik heltzen dira independentziara haiek. Nabarmena da klase kontzientzia beren leloetan: «Britainia aberatsentzat da, Eskozia gurea izan daiteke». Margaret Thatcherren mamuaz eta haren ondorengoez askatzeko aukera da independentzia, haien hitzetan.

«Esperantzaren proiektua» eta «beldurraren proiektua». Hala karikaturizatu ditu Paul Jenkins Yes Scotland kanpainako buruak independentziaren aldeko eta aurkako kanpainak. Eta balio dezake irudiak. Erabat ezti margotzen dute batzuek independentzia; erabat garratz besteek. Baiezkoaren aldekoentzat herrialde justu, sozial eta aberatsa izango dena, herrialde ahul, pentsio gabe eta ziurtasunik gabea izango da ezezkoaren aldekoentzat. Muturrera daramate bi aldeek diskurtsoa, eta Yes Campaigneko Greer-ek onartzen du eztiegi ere irudi lezakeela baietzak. «Baliteke independentziaren aldeko mezua positiboegia izatea. Baina gauzak hobeak izan daitezkeela diogu guk. Gaur egun, Eskozian gauzak oso gaizki daude. Ezberdintasun sozial tasarik handiena duen munduko laugarren herrialde garatua gara. Pobrezian bizi da ia lau umetik bat. Bagdadeko edo Gazako zerrendako bizi itxaropena baino txikiagoa da Glasgowko zenbait gunetan... Horregatik da hain erraza mezu positiboa zabaltzea. Ez dugu ezinezkorik promesten: anbizioa dugu».

Edinburgoko Blythswood enparantzan dute beren egoitza nagusia Better Together kanpainakoek. Ezezkoaren aldeko kanpaina ofiziala da haiena. Hainbat enpresaren bulegoak dituzte inguruan, atezain bat sarreran, eta kartelik ez. Denbora darama BERRIA kanpainako kideekin elkarrizketa lortu nahian, baina ezinezko zaiela azaldu diote beti. Lanpetuta dabiltza. Erresuma Batuko Defentsa Ministroarekin hitzaldia antolatu dute arratsaldean oraingoan, eta gogor aritu da Phillip Hammond. «Bereiziko bagina, Eskoziako defentsa industriaren etorkizuna arriskuan egongo litzateke». Baiezkoaren aldekoenaz bestelakoa da ezezkoaren aldekoen estrategia. Nagusiki Erresuma Batuko eta Eskoziako hedabideetan jarri dute indarra, eta baita sare sozialetan ere. Egiten dituzte atez ateko bisitak, baina urrun dute kalea. Oraingoz.

Zalantzatien garrantzia

Lanetik atera berri, zalantza egiten du David McWilliams-ek, Better Together-ekoen egoitzatik bost metrora. «Nire bihotzak baietz diost, baina oraindik ez nau inork guztiz konbentzitu». Ezezkorantz lerratuago dago Lynn Stocks, baina zalantzan hura ere. Dioenez, ez da SNPz fio. «Mozorrotu egiten dira, baina Tartana daramaten Tory-ak dira». Eta klabea dira McWilliams eta StocksMur Dickie Edinburgoko FinantialTimes egunkariko kazetariaren arabera. Oraindik erabakirik hartu ez duen jendeak lerratuko du balantza. «Informazio gosez dago jendea, eta maila kasik banan-banan konbentzitu beharko dituzte eskoziarrak batzuek zein besteek. Baiezkoarekin edo ezezkoarekin hobeki biziko direla azaldu beharko diete, eta ekonomikoa izango da kanpainaren parte garrantzitsuena». Baina estrategia ezberdinak darabiltzate horretarako. Kalean da nagusi baiezkoa, eta hedabideetan, ezezkoa. Dickie: «Yes Campaignekoek maiz ez dute bermerik aurkezten egiten dituzten aurreikuspenak bete egingo direla ziurtatzeko, baina Better Together-ekoek ez lukete guardia jaitsi behar».

Maiatzaren 30ean hasiko da kanpaina ofiziala hedabideetan. Baina, oraindik Spider-man eta Electroren gerizpean eta erdi ikusezin bada ere, hasia da kanpaina kalean. 144 egun falta dira orain erreferendumerako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.