Altsasuko auzia. Manifestazioa

«Hau ez da terrorismoa»

Nafarroako instituzioen iritziz, Altsasuko auzian ez da bermatzen ari proportzionaltasun printzipioa. Justizia egiteko eta kartzelan diren lagunak askatzeko eskatu dute alderdi politikoek eta sindikatuek

Koldo Martinez Geroa Baikoa, Unai Uhalde Nafarroako Parlamentuko lehendakariordea eta Maria Solana gobernuko eleduna, atzo, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2018ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Milaka eta milaka lagun bildu ziren atzo Iruñean, aspaldiko manifestaziorik jendetsuenean. Herritar uholde horretan izan ziren alderdi politikoetako, sindikatuetako eta gizarte eragileetako ordezkariak ere. Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak bat egin zuten protestarekin, baita gobernua babesten duten lau alderdiek ere. Herrialdeko sindikatu gehienak ere han izan ziren, Altsasuko auzian justizia egin dadila eskatzeko.

MARIA SOLANA Nafarroako Gobernuko bozeramailea

«Proportzionaltasun printzipioak talka egiten du badaezpadako atxiloaldiarekin»

Nafarroako Gobernuak asteazkenean iragarri zuen bezala, atzo bat egin zuen Altsasuko auzian justizia eskatzen zuen manifestazioarekin. Maria Solana gobernuko bozeramailea han izan zen, auziaren norabidea ikusita proportzionaltasun printzipioa «bermerik gabe» gelditu dela iritzita. «Proportzionaltasun printzipioak talka egiten du 500 egunetik gorako badaezpadako atxiloaldiarekin», azaldu zuen. Haren aburuz, auzi hau ez litzateke Madrilen epaitu behar: «Nafarroako Auzitegi Gorenak esan zuen bezala, auzi hau Nafarroan epaitu beharko litzateke. Ez dugu guk soilik esaten: hemengo auzitegiak ere hori bera esan du». Solanak azaldu duenez, auzia bertan geratzea eta epaitzea litzateke «bidezkoena».

Hala ere, gogora ekarri du zer jarrera izan zuen Nafarroako Gobernuak Altsasuko liskarra gertatu eta biharamunean: «Nafarroako Gobernuak esan zuena esan zuen, eta babestu zituenakbabestu zituen. Gertatutakoa gaitzetsi zuen, eta eraso horren biktimak babestu zituen». Era berean, gaineratu du auzia «modu justuan» epaitzeko eskatu zutela «hasieratik». «Proportzionaltasuna eskatzera etorri nahi izan dugu manifestazio honetara, besteak beste justizia aldarrikatuko baita, eta Nafarroako Gobernuak bat egiten du leloarekin».

UNAI UHALDE Nafarroako Parlamentuko lehendakariordea

«Ez da zentzuzkoa;beraz, justizia eske gaude hemen»

Astelehenean, Nafarroako Parlamentuak bat egin zuen Iruñeko manifestazioarekin, eta han izan zen Unai Uhalde parlamentuko lehendakariordea. Altsasuko alkatea ere izan zen 2007-2011ko agintaldian. Atzo esan zuenez,«ez du zentzurik» beste toki batzuetan isun batekin bukatzen denarengatik 50 eta 62 urteko kartzela zigorrak eskatzea. «Ez dago justiziarik».

Nafarroan ez ezik, Europan ere ez dute ulertzen auziak hartu duen noranzkoa, Uhalderen aburuz. «Europan araudi batzuk daude, badago proportzionaltasun printzipioa eta Europako Giza Eskubideen Gutuna, eta nik uste dut Espainiatik kanpo ez dela ikusten Altsasun gertatzen ari dena justizia denik». Instituzioek eta alderdiek auziari buruzko desadostasuna adierazteko eskubidea dutela ere esan du, nahiz eta justiziaren erabakiak onartu.

ADOLFO ARAIZ EH Bildu

«Mendekua izan da. Justizia eta askatasuna eskatzen ditugu»

Gehiegikeria. Horixe da Adolfo Araiz Nafarroako EH Bilduko parlamentariak gehien erabili zuen hitza Altsasuko gazteen auziaz hitz egitean: «Hasiera-hasieratik esan dugu gehiegikeria dela terrorismotzat jotzea ordu txikietan taberna batean izandako liskar bat; horregatik esan dugu hasieratik mutil hauek kalean egon beharko luketela». Oihan Arnanzek, Jokin Unamunok eta Adur Ramirezek badaezpadako atxiloaldian jarraitzea ere salatu zuen Araizek: «500 egun pasatuta gazte hauek kartzelan egotea gehiegikeria da».Haren iritziz, ez da kasualitatea afera hau Euskal Herrian gertatzea, gazteak Guardia Zibilaren aurrean izan direlako «askotan». «Mendekua izan da. Gaur, eskatzen dugu justizia, auziak berme juridiko guziak izatea eta askatasuna».

EDUARDO SANTOS Ahal Dugu

«Terrorismoa leporatzea 'terrorismo' hitza banalizatzea da»

Eduardo Santos Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak argi esan zuen auzia ez dela terrorismoa: «Terrorismoa leporatzea terrorismo hitza banalizatzea da, eta guk ederki dakigu zer den terrorismoa». Halere, gau horretan gertatua gaitzetsi zuen, «eraso bat» izan zelakoan. Hala, epaiketa justu bat eskatu zuen. «Terrorismoa leporatuta, behin-behineko espetxealdia ezartzen da, eta ezohiko auzitegi batek epaitzen du auzia. Hori ez da justua».

PSOE eta PP alderdiek 2015ean adostutako zigor kodearen moldaketari egotzi dio gertatzen ari dena, terrorismo delitua «neurrigabe» zabaldu zelako. «Tolestuta datorren lege baten interpretazioa egiten dute epaileek».

KOLDO MARTINEZ Geroa Bai

«Ez diogu askatasuna merezi dutenik, baizik eta epaiketa bidezko bat»

Koldo Martinez Geroa Baiko eledunak ere gaitzetsi zuen Altsasuko auzia terrorismotzat jotzea, eta justizia eskatu zuen. «Zortzi gazte hauentzat epaiketa bidezko bat eskatzen dugu. Ez diogu askatasuna merezi dutenik, baizik eta epaiketa bidezko bat. Horren alde gaude hemen». Beste alderdi politikoek bezala, Martinezek ere ez dio zentzurik ikusten gazteei terrorismoa egozteari: «Argi eta garbi esan dugu Altsasun gertatutakoa ez dela terrorismoa; liskar bat izan zen, hainbat eta hainbat baldintza dituena».

MARISA DE SIMON Ezkerra

«Eskuinak modu zikinean erabiltzen ditu gazte eta familia hauek»

Gertatzen ari dena «erabat neurrigabekoa» dela uste du Marisa de Simon Ezkerrako parlamentariak: bai badaezpadako atxiloaldia, bai gazteei terrorismoa egoztea, eta baita kartzela-zigor eskari handiak ere. «Ez dago justiziarik, eta justizia eskatzera etorri gara gaur hona», esan zuen. «500 egun baino gehiagoko badaezpadako atxiloaldia basakeria da». Hala, eskatu zuen bertan behera uzteko zigor kodearen «salbuespen neurriak». «Ez dugu eskatzen inpunitaterik; delitua egon bada, epaitu dadila, baina justizia eskatzen dugu». Gogor kritikatu zuen PPren estrategia: «Eskuinak modu zikinean erabiltzen ditu gazte eta familia hauek, gure gizartea konfrontazioaren bidean jartzeko».

LUR ALBIZU Ernai

«Kartzelan daudenak aska ditzatelaeta guztien absoluzioaeskatzen dugu»

Euskal Herriko gazte anitz bildu ziren manifestazioan; tartean, Ernaiko kideak. Gertatzen ari dena Altsasuko gazteak kriminalizatzeko «muntaia politiko eta judiziala» dela salatu zuen Lur Albizu bozeramaileak. Eskari argia egin zuen: «Kartzelan daudenak aska ditzatela eta guztien absoluzioa eskatzen dugu». Espainiako Auzitegi Nazionala frankismoaren ondorengoa dela salatu zuen. «Epaiketa iruzur hutsa da. Honek ez zuen inoiz gertatu behar».

ADOLFO MUÑOZ ELA

«Hemen gaudenok terrorismoa goratzenari gara?»

«Justizia eta askatasuna». Horixe eskatu zuen Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak. «Justizia, kasu honetan, kartzelan dagoen jendea aske uztea da». Halaber, «oso kezkaturik» agertu zen Espainia giza eskubideak «bertan behera» uzten ari dela iritzita. Auzia ez dela terrorismoa ere esan zuen: «Hori terrorismoa bada, hemen gaudenok terrorismoa goratzen ari gara?».

IGOR ARROYO LAB

«Kaltea ezin da ordaindu, baina espero dugu denak kaleratzea»

Espainiako Justizia gogor kritikatu zuen Igor Arroyo LABeko ordezkariak: «Egungo justizia ez da itsua, ez da neutrala, eta ez da justizia». Izan ere, uste du langile klasearen aurka aritzen dela soilik, «sadismoz», gainera. «Espetxean 500 egun baino gehiago egotearen kaltea ezin da ordaindu, baina espero dugu denak kaleratzea». Salatu zuen ez direla bermatzen euskal herritarren giza eskubideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.