Nafarroan 92 neska gaztek salatu zuten indarkeria iaz

Bortizkeria matxista detektatu eta horri aurre egiteko material sorta bat aurkeztu du Nafarroako Gobernuak.Jarrerak «normalizatzen» ari dira

Gazteekin prebentzioa landu nahi du Nafarroako Gobernuak. JUANAN RUIZ / ARP.
maddi ane txoperena iribarren
2015eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Gazteen artean ere badaude indarkeria matxista egoerak, eta horiek detektatu zein saihesteko asmoz, material multzo bat sortu du Nafarroako Gobernuak. 12 eta 18 urte arteko gazteekin zenbait tailer egin ondotik aurkeztu dute, eta, hain zuzen, adin horretako neska-mutilei zuzenduko diete prestaturikoa. Gazteekin egindako ikerketak ez ezik, datuek ere azaleratu dute prebentziorako beharra: 2014an 92 andre gaztek jarri zuten salaketa Nafarroan indarkeria matxistagatik.

Teresa Nagore Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendariak eta Angel Ansa Gazteria zuzendariordeak aurkeztu zuten atzo genero indarkeriaren kontrako material «berritzailea», Iruñean. Azaldu zutenez, ikerketa eta datuek erakusten dute gazteen artean estereotipo matxistak berriro agertzen ari direla. Bertzeak bertze, posesio, jeloskortasun eta kontrolean oinarrituriko maitasun ereduei loturiko jarrerak «normalizatzen» ari dira, haien erranetan.

Gazteekin lan egiten duten hamazazpi langilek parte hartu dute indarkeria matxistaren kontrako materiala sortzeko ikerketan, eta 342 neska eta 296 mutilekin lan egin dute ondorioak atera ahal izateko. 12 eta 18 urte artekoekin genero indarkeriaren gaia lantzearen beharra azaleratu dute emaitzek, baina, horretaz gain, gazteekin lan egiten duten profesionalei prestakuntza eman behar zaiela ere nabarmendu dute. Indarkeria detektatzeko tresnak eduki, eta bortizkeria egoeren aitzinean erantzuten jakitea da horren helburua. Halaber, sorturiko materialari esker gazteen artean gertatzen diren indarkeria egoerak hobeki ezagutu eta aztertzea lortu nahiko lukete.

Bertze bi gizon atxilo

Emakumeen aurkako bortizkeria egotzita bertze bi gizon atxilotu dituzte asteburuan. Gasteizen 31 urteko gizon bat atzeman zuten igande gauean, bikotekideak harremana utzi nahi zuela-eta bere burua balkoitik behera botatzeko mehatxatu zuelakoan. Durangon (Bizkaia) 27 urteko gizonezko bat atxilotu zuten egun berean, bikotekidea jotzea egotzita. Ospitalera eraman zuten emakumea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.