edurne elizondo
ANALISIA

25.000 euro fusilatuentzat

2015eko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak diruz lagunduko ditu 1936ko gerrako fusilatuen gorpuak lurpetik ateratzeko lanak. 2015. urte honetarako, hala ere, 25.000 euroko diru saila baino ez du onartu. Legeak derrigortzen du gobernua fusilatuen gorpuak jasotzeko lan hori egitera, nahiz eta, orain arte, betebehar hori bazter utzi duen, memoria historikoaren esparruan lan egiten duten hainbat elkartek salatu izan dutenez. Urtarrilean, adibidez, fusilatuen gorpuak jasotzeko eskatu zion Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko presidente Olga Alcegak gobernuari. «Premiazkoa da», erran zuen Alcegak, eta gogoratu zuen senideek «denbora kontra» dutela.

Iazko abenduan onartu zuen Nafarroako Parlamentuak memoria historikoaren legea. Batzordean, testu horren kontrako boza eman zuten UPNk eta PPNk; bertze talde guztiek alde egin zuten. Onartu aurreko azken urratsean, parlamentuko osoko bileran, alegia, PPNk ezezko botoari eutsi zion, eta UPNko kideak, berriz, abstenitu egin ziren.

Memoria historikoaren legearen arabera, gobernuak du fusilatuen aztarnak haien hobi izan diren zuloetatik ateratzeko ardura. Anitz dira, oraindik ere, desagertuta jarraitzen duten gorpuak. Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak uste du 120.000 euro inguru beharko liratekeela martxan diren ikerketak finantzatzeko. 230 gorpu inguru lurpetik ateratzea da ikerketa horien helburua. Senitartekoek zehaztutako diru kopurutik urrun dira Nafarroako Gobernuak urte honetarako onartutako 25.000 euro horiek.

Azken orduko neurria

Elkarteko arduradunek salatu dute kopuru hori ez dela nahikoa. Inondik inora. Adabakia bertzerik ez dela nabarmendu dute, eta berandu datorrela, gainera. Nafarroako Gobernuak, hain zuzen ere, hilaren 6ko saioan onartu zuen diru laguntza hori ematea; hau da, legegintzaldiaren amaieran. Hauteskunde kanpaina hasteko bi egun falta zirenean.

Justizia, Barne eta Lehendakaritza kontseilari Javier Morrasek erran du Nafarroako Gobernuak «ahal izan duen neurrian» bete duela abenduan onartutako legea. Egin dira hainbat urrats, eta fusilatuen senideek ere ontzat eman dituzte: Iruñeko hilerrian, adibidez, identifikatu gabeko fusilatuen gorpuak hartzeko tokia prestatu da; eta Nafarroako Parlamentuan plaka jarri dute fusilatutako hautetsien omenez.

Baina ez da nahikoa. Hori da senitartekoen mezu nagusia. Horixe berretsi dute. 25.000 euro gutxi direla dauden beharrei aurre egiteko. Ez baita erraza fusilatuen gorpuak lurpetik ateratzeko egin beharreko lana. Apirilean, Urbasako Arrasoko leizean zeuden hamar gorpuetatik bederatzi identifikatu zituztela iragarri zuten han aurkitutako hainbat fusilaturen senideek. 2013an atera zituzten Aranzadiko kideek gorpu horiek Urbasako zulotik; DNA probak egin behar izan dituzte, gero, identifikatu ahal izateko. Hezurrei izena eman ahal izateko. Prozesu hori ez da doakoa izan. 10.500 euro ordaindu behar izan dituzte senideek, hainbat udalen laguntzarekin. Nafarroako Gobernuak ez du euro bakar bat ere jarri, kasu horretan; oraingoz, behintzat. Aurreratutakoa gobernuak ordain dezala eskatzeko asmoa baitute orain senideok, «gobernuaren ardura delako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.