Osasunbideak bertan behera utziko du Opusekin duen hitzarmena

Nafarroako Unibertsitate Klinikak bost milioi euro jasotzen ditu urtean, 7.218 lagun artatzeagatik

Unibertsitate Klinika Nafarroako Ospitale Gunearen ondoan dago, Iruñean. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2015eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Nafarroako Unibertsitateko langileek eta haien senide onuradunek Unibertsitate Klinikan jasotzen dute osasun arreta, sare publikoan jaso beharrean. Horren truke, Nafarroako Gobernuak urtean diru kopuru jakin bat ordaintzen dio Unibertsitate Klinikari. Diru kopurua bi erakundeek adosten duten itunean zehazten da. Gaur egun, 2008ko ituna indarrean dago, eta gobernuak 5,1 milioi euro ordaintzen dizkio urtean Opus Deiren klinikari. Gobernuak ituna bukatu nahi du ekainerako.

Nafarroako Gobernuak Unibertsitate Klinikarekin zuen ituna bertan behera utziko duela argitaratu zuen atzo Diario de Navarra egunkariak. Itunari eusteko alde «juridiko eta ekonomikoak» aztertuko zituztela adostu zuten gobenua babesten duten alderdiek akordio programatikoan. Ana Ollo Nafarroako Gobernuko eledunak atzoko gobernu kontseiluaren ostean azaldu zuenez, ituna aztertu dute, eta ondorioa argia da: «Itunak ez du babes juridikorik». Horregatik erabaki dute hitzarmena bertan behera uztea. Hala ere, aurtengo aurrekontuen zirriborroan ituna betezeko diru saila gorde dute.

Ez da lan erraza izango. Itunak 7.128 pertsonari eragiten die. Ollok aitortu du pertsona horiek guztiak ezin direla egun batetik bestera sare publikora pasatu: «Urtarrilaren 1ean jende hori guztia jasotzeak kalte egin diezaieke herritarren osasun zerbitzuei. Zerbitzu guztiak ekainerako pasatzeko lanean ari gara». Oinarrizko arreta batera pasatuko dute, eta jatorrizko tokian bukatuko dira hasiak diren tratamenduak.

Ollok gaineratu du neurri berriak ez duela zertan arazo ekonomikorik sortu Osasunbidean. Izan ere, ituna bertan behera utziz gero, gobernuak urtean bost milioi euro gastatzeari utziko dio. Era berean, kontseilariak azaldu du egoera berriarekin Osasunbideak baliabide gehiago beharko dituela: besteak beste, medikuak eta erizainak.

Nafarroako Gobernuak 1982. urtean sinatu zuen lehen ituna Opus Deiko unibertsitatearekin. Geroztik, aldiro berritu dute hitzarmena. Egun indarrean dagoena 2008koa bada ere, 2012an berritu zuen orduko gobernuak. Garai hartan Marta Bera zen Osasun kontseilaria, eta hark esan zuen itunarekin dirua aurrezten zutela.

Hori ez da gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitatearen arteko hitzarmen berezi bakarra.Opus Deik urteetan jasotako beste mesede tratu bat ere moldatu dute iragan astean onartutako zerga erreforman. Nafarroako Unibertsitateko eta Unibertsitate Klinikako langileek aukera izan dute seme-alabak unibertsitate pribatuan doan matrikulatzeko. Legez, zerga aitorpenean hori ordainketa gisa deklaratu behar dute, baina, UPNren agintaldian, Ogasunak itsu jokatu zuen, eta erregimen berezi bat sortu zuen. Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak onartu berri dute 60.000 eurotik gorako errenta duten Opuseko langileak behartuta egotea doako matrikula aitortzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.