Albistea entzun

Emakumeak plazan (III). Bertsolaritza

Oraindik, gizonak nagusi

Bertso munduan ere, gizonezkoak dira gehiengoa kopuruz. Hargatik, emakumeen gaiak oholtzara eramatea oso zaila dela onartu dute Ainhoa Agirreazaldegik eta Miren Amurizak. Lanean segi beharra dagoela esan dute.
Bertso saio musikatuak emakumeen gaiei eta intimitateari buruz abesteko baliatzen dituzte.
Bertso saio musikatuak emakumeen gaiei eta intimitateari buruz abesteko baliatzen dituzte. BERRIA

Jon Eskudero -

2013ko abuztuak 1 - Donostia

Emakume bertsolariek historian izan duten itzalari buruzko lehen erreferentziatzat hartu ohi da 1986a, urte horretan lehen aldiz agertu baitzen emakume bat bertso txapelketa batean: Kristina Mardaras. Hark jarri zuen estreinako mugarria emakumeen bertsolaritzaren munduan. Bigarren mugarria, berriz, Maialen Lujanbiok jarri zuen, 2009an, urte horretan irabazi baitzuen historian lehen aldiz emakume batek Euskal Herriko Txapelketa Nagusia. «Lujanbiok txapela irabazi zuenean, umeak hasi ziren imitatzen neska bertsolari bat», adierazi du Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariak. Azken urteetan gora egin du emakume bertsolarien kopuruak, nabarmen, baina oraindik ere bide luzea geratzen dela gogorarazi du Miren Amuriza bertsolariak: «Normalizaziora baino, naturaltasunera iristeko asko falta zaigu».

Uda sasoia iritsi ahala, gero eta bertso saio gehiago dituzte Agirreazaldegik eta Amurizak. Euren aisialdirako gero eta denbora gutxiago dute, beraz. Hori bai, oholtza gainean egiten eta kantatzen dutenaz hausnartzeko beta hartzen dute. «Saioetan ikusten dut tradizioz gizonak nagusi diren esparru batean sartzen ari garela, baina denbora behar dugula geure mundu bihurtzeko. Emakumeontzat oso zaila da deseraikitzea beste batzuk eraiki duten mundua», azaldu du Agirreazaldegik. Haren arabera, lan handia dago egiteko. «Galdera asko dauzkagu geure buruari egin beharrekoak. Esaterako: nola eta zertarako egin nahi dut bertsolaritza? Beste batzuen bidea segitzen ari gara emakumeok, eta ez dut uste gizonen autobide beretik joan nahi dugunik». Elgetarraren esanetan, bertsolari oro hazi da giro maskulinoan. «Inork ez digu esan egungo kodea bestela eraiki daitekeenik, zer alda dezakegun gu gusturago sentitzeko».

Iritzi berekoa da Amuriza, nahiz eta uste duen egoera hobera egiten ari dela: «Nire belaunaldikook zortea izan dugu, emakumeen gaiaren inguruko prestakuntza batekin sartu baikara bertso munduan». Lujanbiok eta haren adinkide diren emakumeek horma gehiago hautsi behar izan zituztela pentsatzen du. «Orain ez urte asko, neska izan eta plazetan kantatze hutsa erronka zen. Hori gaindituta dago, zorionez».

Bide horretan, bertso eskolek eragin zuzena eduki dute, Agirreazaldegiren esanetan. «Hezkuntza arautuan bertsolaritza lantzeak ere lagundu du. Kantitate bidezko berdintasun bat ekarri du. Bertso eskolak sortu arte, jainkoaren dohain baten modukoa zen bertsoa, edo jaio egiten zinen edo ezin zen ikasi. Eta bazirudien dohain hori gizonezkoek bakarrik zutela». Bertso eskolei esker, ordea, emakumeek bidea egin dutela uste du, nahiz jakitun izan lanean segi beharra dagoela. Bere esperientzia propioa du horren isla. «Bertsotan hasi nintzenean plazakotasuna, ausardia eta jolasa indartu zizkidaten, eta etxean mutikotu egin ninduten». Hurrengo belaunaldiek hori puskatzeko gaitasuna izan dezaten lanean ari da Agirreazaldegi.

Bertso eskolen borondate handia goraipatu arren, haien jardunean hobekuntzak egin beharra dagoela adierazi du Amurizak. «Bertso eskoletan jartzen dituzte gaiak ustez denok berdinak bagina bezala. Esate batera: 'Zuek mendira zoazten bi neska zarete...'. Baina, 30 urteko emakume batek, adibidez, zenbaterainoko askatasuna du mendira joateko? Gizonezkoen aldean zenbaterainoko tartea du dibertitzeko? Astirik ba al du familia izatean?». Amurizaren arabera, borondatea badago, baina kapa xehetzen hastean nabari dira desberdintasunak.

Gaietan ere, aldaketa falta

Plazetako gaietan ere gauza bera gertatzen da, Agirreazaldegiren esanetan. «Zenbateraino da konsziente gai-jartzaile bat emakume batek zeri buruz kanta dezakeen? Gizonek kantatu dute kulturalki urte pila batean, eta haiek euren kodeak eraiki dituzte». Gizonek, beraz, eraikirik dute zer den garrantzitsua eta zer ez. «Emakumeentzat, ordea, beste gauza batzuk dira inportanteak. Eta oso zaila da emakumeon gaiak taulara eramatea kantitatez asko ez bagara». Kantitateak kalitatea dakar, alegia.

Bertsolaritzaren egungo zenbakiei begiratuz gero, %30 dira emakumezkoak, eta %70, gizonezkoak. Aurrera begira, baina, bada baikor egoteko arrazoirik. «Nire belaunaldiari dagokionez, Bizkaian neskak gehiago izan gara mutilak baino. Beraz, emakumeen ugaritzeak aldaketa ekarriko du bertsolaritzan ere», nabarmendu du Amurizak. Agirreazaldegik garbi du zein den xedea: «Gure mundua sortu behar dugu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Olatu sinkronizatua

Berria

Bi urte barru Europako kultur hiribirua izateko bidean, bosgarren Olatu Talka lehertu da asteburu honetan Donostian, 250etik gora proposamen sinkronizatu eskainita parte hartu nahi duen orori. Sormena, kirola argazkian, Easo igeriketa taldeko kideen atzoko erakustaldia, aldarrikapena eta elkartasuna nahastu dira egitarauan. Donostiatik kanpo ere zabaldu da aurten eskaintza, gainera.

Alarmak piztuta

Berria

Nafarroan, berezko arraza batzuk galzorian

60 urteko gaztea

Berria

Fender Stratocaster gitarra elektrikoa, 1954tik doinuka

Hemen da Olentzero

Berria

Gaur kalez kale eta etxez etxe ibiliko da, haurren begiradapean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.