Hainbeste urtez Ipar Euskal Herriak instituzio bat behar duela aldarrikatzen aritu ondotik, ezkerreko abertzaleek ez dute Euskal Elkargoaren eraikuntzatik baztertuak izan nahi. Hala, elkargoan parte hartuko duten ordezkariak hautatzean «irizpide demokratikoa» kontuan hartzeko eskatu du Jean Claude Mailharin EH Baiko kideak. Lehenik, herri bakoitzak dagozkion ordezkariak izendatuko ditu: gobernantzan egin diren egokitzapenen arabera, batzuek oraingo herri elkargoetan baino ordezkari gehiago izanen dituzte; beste anitzek, gutxiago. Hori horrela, hautaketa 2014ko herriko bozen emaitzen arabera egin behar dela aldarrikatu du Mailharinek, hautetsi ezkertiar eta abertzaleei «dagokien» lekua eskainita. Izendatutako 233 ordezkari horien artean, batzorde iraunkorra eta bulegoa osatuko dituzte. Bi instantzia horietan ere ordezkaritza eskuratu nahiko luke EH Baik.
Baina irizpide demokratikoaz gain, ordezkariak hautatzean parekidetasuna, hizkuntza politika, arlo soziala eta trantsizio ekologikoa aintzat hartzea nahi du EH Baik. Ipar Euskal Herriko auzapez gehienak gizonezkoak izanik—158tik 15 soilik dira emakumezkoak—, EH Baik argi du Euskal Elkargoko batzarra «maskulinoa» izanen dela; haatik, batzordea eta bulegoa osatzean parekidetasunaren printzipioa errespetatu behar dela azpimarratu du Anita Lopepe EH Baiko bozeramaileak. Azkenik, demokrazia parte hartzailea bermatzeko, Garapen Kontseiluak bere lekua izatea nahiko lukete.
«Ipar Euskal Herriko alderdi gehienek ez dute lurralde ikuspegia; guk bai», adierazi du Peio Etxeberri-Aintxartek. «Ez da berdina bakoitzak bere herritik ikustea eta ikuspegi global bat izatea». EH Bairentzat, Euskal Elkargoa berezko lurralde bat da, Euskal Herriaren barruan kokatzen dutena. Hala, lurralde guzia kontuan hartuko duen proiektua lantzen hasiko dira, 2020ko hauteskundeak ikusmiran, hor eginen baitira Euskal Elkargorako lehen hauteskundeak.
Egoeraren «argazki» bat
Gizon eta emazteen arteko berdintasuna Ipar Euskal Herriko errealitate bilaka dadin, elkargo bakarraren eskumen guzietan tratatu beharreko zehar lerroko gai bat dela aldarrikatu du mugimendu feministak. Era berean, egitura berezitu baten sorrera ere beharrezkotzat jo dute mugimenduko ordezkariek. «Egoeraren argazki bat atera eta ekintza konkretuak prestatzea litzateke egitura horren funtzioa», Amaia Fontang Bortizkeria Sexisten Kontrako Kolektibo Feministako (BSKKF) kidearen hitzetan. Emakunde hartzen dute eredutzat, besteak beste. Euskal Elkargoa osatzeko prestatu den Gidaritza Batzordeko kideei eta herriko kontseiluei gutun bana idatzia diete gaia beren gain har dezaten. Elkarlanerako prestasuna erakutsi dute feministek, baina, argi utzi dute ez dutela onartuko bazterrean utziak izatea. «Deliberatuak gara: beharrezkoa bada, karrikara jautsiko gara».
Euskal Elkargoan ordezkaritza nahi duela aldarrikatu du EH Baik
Talde feministek ere ordezkaritza parekidea izatea eta egitura berezitu bat sortzea eskatu dute

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu