Jaurlaritzaren laguntza deialdia ez da hedabideek «behar» dutena, Hekimenen ustez

Hiru urterako kopuru bera jartzearekin ez dago ados komunikabide elkartea. Beste erakunde batzuek inbertsioa hazi dutela nabarmendu du

Hekimen elkartean bilduta dauden euskarazko komunikabide batzuen azalak. BERRIA.
Garikoitz Goikoetxea.
2016ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Aldaketa handiak izan dira azken hilabeteetan euskarazko hedabideei laguntzeko deialdietan, eta horiei buruzko gogoeta egin du Hekimen elkarteak, euskarazko herri ekimeneko komunikabideak biltzen dituen taldeak. Eusko Jaurlaritzarena da esparru horretako deialdi nagusia —ia bost milioi euro—, eta horren kudeaketarekin ez dira ados azaldu. Egia da urteetako eskari bati erantzun diola gobernuak urte baterako baino gehiagorako deialdia eginez, baina moduarekin ez da ados azaldu Hekimen: batetik, aurreko urteetako diru kopuru bera delako, eta, bestetik, «proiektu berrietarako» tokirik ez duelako utzi. Ez da hedabideek «behar» duten deialdia, taldearen arabera.

Urteko azken hiru hilekora sartzear, eta deialdi batzuk ebatzi gabe daude oraindik; Jaurlaritzarena berarena, adibidez. Egoera horretaz kexu azaldu da Hekimen: «Atzerapen administratiboek kalte eta buruhauste franko ekartzen diete euskarazko hedabideei. Behar-beharrezkoa dugu deialdiak garaiz erabakiko dituen diru laguntza sistema eraginkorra».

Nafarroakoei kalte

Jaurlaritzak datozen hilabeteetan ebatziko duen deialdiak pisu handia du, hiru urterako laguntza izango baita. Irizpideetan aldaketa handia egin du gobernuak; irismena kontzeptuak du pisu nagusia. Hekimenek hainbat gomendio egin zizkion Jaurlaritzari, eta onartu ditu batzuk; maiztasuna aintzat hartzea, adibidez. Beste batzuk ez ditu kontuan hartu: «Sailburuordetzak egindako inkestaren datuetan irakurle kopuru totalak hartzea, edo irismena ez ezik beste aldagai batzuk ere hartzea». Hortaz, ez dute ontzat jo deialdia: «Hiru urteetan diru poltsa berdina egotea eta irizpide nagusiak eztabaidatu gabe hiru urteko deialdia egitea ez da sektoreak behar duena, ez delako nahikoa berau hauspotzeko eta egonkortzeko».

Diru kopuru bera izango du laguntza deialdiak, baina %6 diru gehiago izango da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hedabideen artean banatzeko, kanpoan utzi baitituzte Nafarroakoak, hango gobernuak egin duelako deialdia. Kaltea jasango dute herrialde horretako hedabideek, baina: gobernuak 355.000 euro banatuko ditu, Jaurlaritzak Nafarroako hedabideetan inbertitzen zuena baino gutxiago. Horregatik, «apustu sendoagoa» egiteko eskatu dio Hekimenek Iruñeko gobernuari.

Beste erakunde batzuetan handitu egin dituzte laguntza deialdiak. EEP Euskararen Erakunde Publikoak %4 emendatu ditu. Ez zaie denei iritsi igoera, baina. Euskal Irratiek salatu dute azken hamabi urteetan ez dela igo irratientzako diru saila. Arabako Foru Aldundiak 55.000 euroko diru saila sortu du; «diru poltsa txikia izanda ere, aurrerapausotzat har daiteke urratsa», esan du elkarteak. Igoera handiena Gipuzkoakoa da: %38koa. «Inoiz baino diru laguntza gehiago bideratuko dira Gipuzkoako euskara hutsezko hedabideetara», nabarmendu du Hekimenek. Eskualdeko hedabideak sustatzeko deialdi berria ere izango da herrialde horretan. Bizkaian, aurkakoa: 50.000 euroko mozketa. «Lehengo poltsa nahikoa ez bazen ere, erabakiak gehiago estutzen ditu Bizkaiko euskarazko toki komunikabideak».

Oro har hartuta, handiagoa da aurtengo inbertsioa, eta Hekimenek uste du «sektoreak egindako ahaleginaren ondorioa» dela hori. Bide horretan jarraitu nahi du, bi xederekin: batetik, hainbat urterako laguntza deialdiak izatea, sektorearen onarpena izanik eta garatzeko aukera egonda; bestetik, finantzaketa handiagoa izatea, 2,5 milioi euro gehiagorekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.