Enpresa bat okupatu dute «etxebizitza eskubidearen merkaturatzea» salatzeko

Gasteizko 21 Zabalgunea udal agentzian sartu da Ernai.Errekaleor Bizirik-en kontrako auzian sozietateak izan zuen egitekoa gogorarazi du

Ernaiko gazteak, 21 Zabalgunea udal agentziara sartzen, atzo. ERNAI GASTEIZ.
Ion Orzaiz.
2016ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Gasteizko 21 Zabalgunea udal agentzia bi orduz okupatu zuten atzo dozenaka gaztek, sozietate hori «prekaritatearen eta emantzipazio ezintasunaren erantzule» dela salatzeko. Ernai gazte antolakundeak bere gain hartu du ekintza sinbolikoa, eta azpimarratu du 21 Zabalgunea sozietatea «sistema kapitalista patriarkalaren sostengatzaileetako bat» dela. «Etxebizitzaren gisako oinarrizko eskubideak merkaturatuz, kapitalaren menpeko bihurtu gaituzte, eta eskubide horretaz gozatzeko aukera mugatzen digute», azaldu du elkarteak agiri batean.

Zehazki, «gazteen zein gainontzeko giza taldeen prekaritatea eragiten duten politika baztertzaileak aplikatzea» leporatzen diote 21 Zabalgunea udal agentziari; besteak beste, Errekaleor Bizirik-eko gazteen aurkako salaketak eta prozesu judizialean izan zuen egitekoa gogorarazi du Ernaik. Izan ere, 21 Zabalgunea izan zen iazko otsailean Errekaleorreko etxebizitzen desjabetze prozesua onartu zuen udal entitatea, eta baita auzoari buruzko txostena Iberdrolari igorri ziona ere, enpresa horrek bizilagunei argindarra eten ziezaien.

Euskal Herri «sozialista eta feminista» osatzeko bidean, 21 Zabalgunearen gisako enpresak «albo batera» utziko dituztela gaineratu du gazte erakundeak: «Ez dugu lekurik gordeko helburu bakarra kapitalaren metaketa duten horientzat. Bizitzeko jaio gara, eta bizitzea oztopatzen digutenak salatu eta albo batera utziko ditugu, aspaldi utzi baikenion halako erakundeen izaera soziala sinesteari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.