Bukatu da Munduko Kopa Luis Suarezentzat. FIFAk Uruguaiko selekzioko aurrelariari lau hilabeteko zigorra jarri dio, eta bederatzi partidakoa selekzioarekin, Italiaren aurkako partidan Giorgio Chielliniri emaniko hozkadarengatik. Nazioarteko Federazioak ez dio kasurik egin Uruguaiko selekzioak eginiko kexu formalari, eta zigor eredugarria ezarri dio Luis Suarezi.
Luis Suarezi damutuko zaio Chielliniri eraso egin izana. Uruguaiko selekzioak helegitea aurkeztu du, baina ez dirudi zigorra asko arinduko diotenik. Izan ere, FIFAk ez du errukirik izan, eta Luis Suarezi jarritako zigorra Munduko Kopatik haratago doa. Aurrelariak aurkari bati hozka egiten dion hirugarren aldia da—Herbehereetan eta Ingalaterran ere egin du horrelakorik—, eta federazioak Munduko Koparen erakusleihoa erabili du zorroztasuna erakusteko. Luis Suarezi debekatu egin diote futbolarekin zerikusia duen edozein ekitalditan parte hartzea. Ezingo du estadioetan sartu ere egin; beraz, denboraldi hasiera galduko du Liverpoolekin. Horrez gain, 82.000 euroko isuna ezarri diote.
Taldekideek babesa eman diote jendaurrean, baita Jose Mujica Uruguaiko presidenteak berak ere. Are gehiago, Ingalaterrako prentsan zabaldu denez, final-zortzirenetan ez jokatzea ere aztertu dute Uruguaiko taldekideek. Informazioaren iturria selekzioko delegatuetako bat zen. Zaila dirudi halakorik gertatzea.
Brasilgo Munduko Kopa
Amaitu da Kopa Luis Suarezentzat
FIFAk lau hilabeteko zigorra ezarri dio Uruguaiko aurrelariari, Giorgio Chiellini Italiako jokalariari kosk egiteagatik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu