Kobe Bryant

Sugearen mila hozkadak

NBAko mito gorenekin mahaian esertzea lortuta ere, Bryantek ez zuen agortu nerabe zenetik erregai erabili zuen neurri bako anbizioa. Gailurrean zela, andre baten isiltasuna erosi zuen bortxaketa kasu batean.

PAUL BUCK / EFE.
Danel Agirre.
2020ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Multinazionalen gerizpean beren burua marka komertzial bilakatzen duten atleten aroan, Kobe Bryantek manba beltza aukeratu zuen Nike etxearekin merkaturatutako produktuen ikur moduan: munduko sugerik pozoitsuena da, habitata Afrikako ekialdean duena. Haren hozkadek orban handirik eta efektu berehalakorik eragiten ez dutenez, bereziki traidorea da. Minutu gutxiren buruan hiltzen du biktima. NBAn sekula izan den saskiratzailerik konpultsiboenetako bat denarentzat, irudi aproposa da narrasti arriskutsu hori. Haren bizitza zibileko pasarteren bat freskatzeko ere egokia da, ordea.

Joe aitak —profesionala hura ere— familia Italiara eraman zuen garaitik, Bryant munduko saskibaloi jokalaririk onena izateko prestatzen hasi zen. Lanean ikusi zuen oro harritu zuen burugogorkeriarekin: 30 urtez bakarka entrenatu zen, oporrik barkatu gabe, saio amaigabeetan.

NBAko inoizko hasiberririk gazteena bihurtu zen Los Angelesen Lakersekin debuta egin zuenean, eta txapeldun zen laugarren sasoirako. Urtebete lehenago, ia Grant Hill Detroit Pistonseko hegalekoarekin trukatu zuen frankiziako zuzendaritzak. Lakersen eta Bryanten elkarkidetza gero eta estuagoa bilakatuz joan zen, eta guztiz apurtezina zen amaieran.

Bost eraztun eskuratu zituen Bryantek, bi ziklo arranditsutan. Bada konpainia nobleegia —Shaquille O'Neal, Pau Gasol eta beste— baliatu izana aurpegiratu dionik. Haren ibilbidea osotasunean aztertuz gero, ideia horrek ez du helduleku handirik, ordea.

Munduko saskibaloi jokalaririk onena bilakatzeko kasketak berekin dakar Michael Jordanekin obsesionatzearen madarikazioa, ezinbestean. Are gehiago eskolta postuan dabilen jokalariarentzat. Arlo batzuetan, eta ordura arte ezinezkoa bazirudien ere, ligaren ikur nagusiaren parera iritsi zen Bryant. Bakar batean, gainditu ere egin zuen. Hainbat espezialistaren iritziz, keinu tekniko batzuetan perfekziora iritsi diren bakanetakoa da —haren kasuan, jauzi beteko jaurtiketan, ororen gainetik—. Minutu gutxitan puntu asko pilatzeko ahalmenak ere ez du parekorik: ignizioan, erabat geldiezina zen. Hortik manba beltzarena.

Noizbehinkako zaleari lagako dion erreferentziazko oroigarria Toronto Raptorsi saskiratutako 81 puntuak dira —Smush Parker, Chris Mihm eta Kwame Brownekin, fardelez jositako bostekoa zuen Lakersek hartan, eta are harrigarriago bilakatzen du Bryanten gaua—. Ondoren, zazpi lehia jarraian galtzetik zetorren taldea suspertzeko, 50eko marka lau aldiz segidan gainditu zuen astebetean. Los Angelesek laurak irabazi zituen, eta ordura arteko Phil Jackson entrenatzailearen erreskadarik txarrena itxi.

Setiatuta zegoela, aitorpena

2003ko uztailaren 2an, eskuin belaunean artroskopia egiteko ordua zuen Kobe Bryantek Eaglen, Coloradon. Ebakuntzaren egunean, Poliziak deklarazioa hartu zion aurreko gauean bere hotelean jazotako gertakari baten inguruan: ostatuko 19 urteko behargin batek Bryanti leporatu zion bortxatu egin zuela. Akusatuak, hasieran, ukatu egin zuen salaketa —alaba jaio berria zuen—, baina, Poliziak bere esperma laginak zituela jakin zuenean, bertsioa aldatu zuen. Bien arteko harremanak «adostuak» izan zirela argudiatu, eta detektibe pribatuen talde batek biktimari jazartzeari ekin zion, kasua ezezta zezaketen ahulezien peskizan.

Prentsaurreko batera deitu, malko artean emazteari barkamena eskatu, eta hurrengo sasoia prestatzeari ekin zion Bryantek. Coloradora bidaiatzen jarraitu behar izan zuen, ordea: kausaren auzi saioek ez zuten oso itxura onik, eta, bere kirol ibilbidearen amaiera izateko arrisku benetakoa antzeman bezain pronto —fiskalak lau urteko kartzela zigorra eskatzeko prestatzen ari ziren—, estrategia aldatzea erabaki zuen. Biktimaren isiltasuna erosi —zenbatekorik ez da sekula zabaldu—, eta karguak baztertzearen ordainetan aitorpen bat eskaini zion. Azaldu zuen momentuan ez zuela izan inor bortxatu izanaren irudipenik, baina gaineratu zuen denborarekin ulertu zuela beste alderdiak oso bestela hauteman zuela. Bortxaketa zeharka onartzearen truke, esandakoa haren aurka erabil ez zedin, Bryanten lege ordezkariek akordio blindatu bat itxi zuten.

Erretiro aurreko azken urteak kalbario bilakatu zizkioten lesioek. Hollywoodek hain gustuko duen ukitu minberarekin zipriztindu zuen Bryanten jardunbidearen kontakizun ofiziala. 2013an orpazurda apurtu eta hiru urte geroago azken partida 60 punturekin amaitu zuen arte, omenaldi amaigabea egiten zioten NBAko kantxa guztietan. Manba Beltzak bere ekarpena gehitu zion: 2017an Oscarra jaso zuen Dear Basketball film laburra ekoitzita. Emakumezkoen saskibaloiaren sustatzaile moduan ere gogoratuko da Bryant, paradoxikoa badirudi ere. Hil baino bost egun lehenago, aldarrikatu zuen Diana Taurasi, Maya Moore eta Elena Della Donnek gonbita jaso behar luketela NBAn gizonezkoekin nor baino nor gehiago jokatzeko. Ordu luzeak eman ohi zituen helikoptero istripuan alboan zuen Gianna alaba entrenatzen. Harro zegoen alabaz, hain berea zuen perfekziorako grina antzematen zioako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.