Realak Sevillaren aurka jokatuko du Espainiako Kopako finalerdietan

Lehia bakarrera izango da kanporaketa, hilaren 17an, eta txuri-urdinak etxean ariko dira. Ligan bi partidak irabazi dizkio Arkonadaren taldeak

Realeko jokalariak, finalerdietara sartu zirela ospatzen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Egokitu ahal zitzaizkion beste bi aurkariak Atletico Madril eta Bartzelona zirela kontuan hartuta, zoria alde izan du Realak Espainiako Kopako finalerdietako zozketan: Sevillaren aurka arituko da Gonzalo Arkonadaren taldea. Sasoi honetan jokatu diren aurreko kanporaketak bezala, partida bakarrera izango da, eta txuri-urdinei etxean jokatzea egokitu zaie; hilaren 17an izango da.

Realeko jokalariek pozik hartu dute zozketaren emaitza. «Nik uste dut bai guk eta bai Sevillak elkarren aurka jokatu nahi genuela», adierazi zuen atzo Marta Cardona jokalariak. Onartu zuen etxean jokatzea «abantaila txiki bat» dela. «Baliatu egin behar dugu». Dena den, zuhurtziaz ere mintzatu ziren: «Lehia bakarrera jokatuta, edozer gauza gerta daiteke. Baina zaleei finalerako sailkatzea oparitu nahi diegu», berretsi zuen Leire Baños jokalariak.

Ligan, herenegun jokatu zuten bi taldeek elkarren aurka. Txuri-urdinak 0-2 gailendu ziren, Nahikarik penaltiz eta Kiana Palaciosek sartutako golei esker. Lehen itzulikoan ere emaitza berberarekin izan ziren nagusi Zubietan. Orduan, Manu Lareo eta Nahikari izan ziren golegileak, biak penaltiz.

Bigarren aldiz ailegatu da Reala Espainiako Kopako finalerdietara. 2011n izan zen aurreneko aldiz, Bartzelonaren kontra izan zen, eta 0-2 galdu zuen. Orduko taldetik jokalari batek segitzendu egun: Sandra Ramajo kapitainak.

Emaitza eta joko bolada onean dira txuri-urdinak. Ligan bost partida egin dituzte erreskadan galdu gabe. Lau garaipen eta berdinketa bat lortu dituzte, eta seigarren daude ligan, 28 punturekin. Kopan ere ibilbide oparoa egin dute. Final-zortzirenetan, Valentzia kanporatu zuten, 1-2, luzapenean; eta, aurreko astean, final-laurdenetan, aise menderatu zuten Rayo: 4-0.

Sevillak, berriz, ezustea eman zuen final-laurdenetan, penaltietan kanpoan utzi baitzuen Levante. Aurretik, final-zortzirenetan, Logroño izan zuen kontrario, eta0-1 irabazi zion. Ligan, ordea, zuloan da. Azken-aurreko dago sailkapenean, 15 punturekin. Jokatutako hemeretzi norgehiagoketatik lau baino ez ditu irabazi. Dena den, azken jardunaldietan hobera egin du. Atzean ondo ixten den taldea da, eta aurrealdean jokalari indartsuak ditu; batez ere, fisikoki.

Beste finalerdia Atletico Madril-Bartzelona izango da, eta finala maiatzaren 11n jokatuko da, Granadako (Espainia) Los Carmenes futbol zelaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.