Mumbruren lehen oharrak

Bilbo Basketek oso ondo ekin dio ACB ligari, eta dagoeneko ikusi dira taldearen estiloaren zertzelada batzuk: hiruko asko bota eta sartu ditu, eta arazoak ditu errebotea kontrolatzeko.

Alex Mumbru Bilbo Basketeko entrenatzailea, haserre, haren taldeak iragan astean Tenerifen jokaturiko partidan. C. G. / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Bilbo Basketek ezin hobe ekin dio ACB ligari. Urtebete purgatorioan igaro ondoren, sasoi hasiera ikusgarria egin du, Teneriferi eta Valentziari irabazita, ondo bidean sailkapenaren erdi aldetik gora ibiliko diren bi aurkariri. Taldea goiz osatu zuen, denboraldi-aurrea elkarrekin hasi etaligari sasoiko ekiteko. Alde horretatik, bi garaipen altxor handia dira —iragan sasoian hamar aski izan ziren mailari eusteko— eta konfiantza bultzada handia hartu du taldeak. Sasoi guztia ez da horrelakoa izango; garai zailak etorriko dira, baina astebete nahikoa izan du ikusteko ACBko zapatak ez dituela handiegiak. Lan horretan meritua aitortu behar zaio Alex Mumbruri. Miribillako aulkira iritsi zenean, jende askok zalantzan jarri zuen haren izendapena, eta iragan sasoian zuen taldearekin ia obligazioa zen igotzea. ACBn, aldiz, mailako txiroetako batean dabil, eta teknikari ona dela erakusten ari da.

HIRUKOAK
Asko eta ondo

Bilbo Basketen zaleak hiruko asko ikusteko prest egon behar du. Bi saskietan, gainera. Azken urteetan joera oso zabaldua da, eta Bilbo Basket olatu horretara igo da. ACB ligan jokaturiko bi partidetan, 55 hiruko jaurtiketa egin ditu, eta biko 66. Kontraerasoak eta saskipeko eraso erreboteak kenduz gero, normalean biko jaurtiketak izaten direnak, ia kopuru bera litzateke. Alde horretatik, deigarria da Arnoldas Kulboka hegal-pibotak hamazazpi jaurti dituela, 8,5 partidako.

Sartu ezean, baina, hiruko zaparradek ez dute ezertako balio, eta Bilbo Basket asmatzen ari da. Hiruko gehien sartu dituen ligako bigarren taldea da (12,5 partidako) eta postu bera du batez bestekoan (%45,4). Bi sailkapen horietan Real Madril bakarrik du aurretik. Hirukoena, baina, ez da bakarrik eraso kontua, asko eragiten baititu bere defentsarekin. Valentziak, esaterako, asko bota behar izan zituen erasorako azken aukera moduan. Bi partidatan 60 hiruko jaurtiketa jaso ditu Bilbo Basketek, eta hamazazpi sartu dizkiote (%28). Sarturikoen eta jasokoen arteko batez besteko aldea oso deigarria da.

ESTATUBATUARRAK
Tokia dute ACBn

Bost jokalarik segitzen dute iragan sasoitik. Urrezko LEB ligan zen multzoari jarraipena eman zion taldeak. Boskote horretako bi estatubatuarren egokitzapen ahalmenak sortzen du zalantza gehien, pisu handia izango baitute taldean. Jaylon Brownek eta Ben Lammersek lehen sasoia dute ACBn, eta, oraingoz, ez dute bidesaririk ordaindu. Biek hogeina minutu jokatu dituzte partidako. Brownek hemezortzi puntu sartu zizkion Teneriferi, eta Lammers atzean nabarmentzen ari da. Iragan sasoian defendatzaile onenetariko bat izan zen Urrezko LEB Ligan, eta dagoeneko bost txapel jarriak ditu ACBn. Berak zaintzen dituen jokalarien jaurtiketen %15,5i jarri die txapela.

DEFENTSA
Oso joko oneko uneak

Bilbo Basketek talde arina du, eta defentsa estua egiteko ahalmen handia. Tenerife 67 puntutan utzi zuen, eta Valentziak 34 puntu sartu zizkion bakarrik lehen zatian. Une on horiek luzatzeko ahalmena badu, ezusteko bat baino gehiago emango du.

ERREBOTEA
Ahulune nagusia

Dena estaltzea ezinezkoa da, eta Bilbo Basketek saskipean du ahulune nagusia. Barneko jokalariak ez dira bereziki sendoak, eta lehen bi jardunaldietan errebote gutxien hartu dituen bigarren taldea da. Estatistika hori are okerragoa da erasoan, bost errebote hartu baititu bakarrik partidako aurkariaren saskipean. Datu horrek beste irakurketa bat du: asko sartzen baduzu, errebote gutxi daude. Baina ikusi da Bilbo Basketek sufritu egingo duela. Aurkariek, aldiz, min handia egin diote arma horrekin: Tenerifek hemezortzi errebote hartu zituen erasoan, eta Valentziak, 11. Jaurtitzeko bigarren aukera asko dira.

ONDREJ BALVIN
Denbora behar du

Balvin Bilbo Basketen lehentasuna izan zen merkatuan, zerrendako aurreneko izena, baina oraindik denbora behar du. Munduko Txapelketan egon zen, eta lehen partida jokatu baino egun gutxi batzuk lehenago iritsi zen Bilbora, eta nabaritu zaio egokitzapen falta. 2,17 metroko morroskoa da, jokalari gotorra, eta haren ardura da taldeak errebotean dituen gabeziak estaltzea. Mumbruk eskertuko du Balvinek erritmoa hartzea.

'MIRIBILLA EFEKTUA'
7.333 ikusle, hasteko

Bilbo Basket ACBra itzuli da, baina lehen partidan zaleei kosta egin zaie Miribillara igotzea. 7.333 ikusle bildu ziren Bilbo Basket eta Valentziaren arteko partida ikusteko. Kopuru ona da, iragan sasoiko batez bestekoen aldean: ACBko sei pabiloitan bakarrik bildu ziren ikusle gehiago. Marea beltza-k, baina, jende gehiago biltzeko ahala badu. Duela bi sasoi, ACBn eginiko azken denboraldian, 8.811 ikusle bildu ziren partidako Bizkaia Arenan; 2016-17an, 8.708; eta 2015-16an, 9.063. Liga hasi baino ez da egin, eta ez da larritu behar, baina, joera aldatu ezean, taldeak arazoak izan litzake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.