Pastor
DARWIN ETA GU

'Betigazte'-ak

2018ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Batzuetan heldua naizela uste dut, baina segituan konturatzen naiz soilik 14 urte ditudala», esan dio ustezko alabak ustezko amari. Begi urratuak ditu. Adoptatua izango dela pentsatu dut, baina errealitateak klixe arrazistei lotu nauela ohartu naiz berehala. Zergatik pentsatzen dugu halako chinita bat adopzioan etorri dela? Akaso ez dago emakume kaukasoarrik, gizon asiar batekin umeak izan nahi dituenik?

Pentsamendu horren atzean arrazakeria dago. Arrazakeria, sexismoa eta beste zenbait jarrera arbuiagarri legez zigortuak dira. Orain zaharren aurkako mespretxuei eta irainei ere jazartzen has litezke Erresuma Batuan. Gizakien arraza, erlijio edo sexu joeragatik egindako delituei ezartzen den legedia ezarriko litzateke horien kontra. Horixe esan du Barne ministro Sajid Javid-ek.

Astelehenean hedatu zuen albistea The Daily Telegraph egunkariak. Politikari britainiarraren ustez, gero eta nabarmenagoa da zaharrak iraindu eta baztertzeko joera: arlo humanitarioan lanean ari diren erakunde eta taldeek jakinarazi dutenez, urtero milioi bat herritar zaharrek jasaten dituzte Erresuma Batuan abusu fisiko, psikologiko eta sexualak. Pertsona horiek 70 urtetik gorakoak dira. Adin horretan ei dago zaharrak estigmatizatzen hasteko geure buruari jartzen diogun muga psikologikoa.

Adinetara helduak baztertzeko joera, horixe dugu adinkeria. Fenomenoa ez da atzo goizekoa, baina indarra hartzen ari da. Gure gizarte produktibista hedonistak ez ditu zaharrak maite. Gazte nahi gaitu. Beti. Gaztetasun betierekoaren apologia hain da zapaltzailea, non kostatu egiten baitzaigu geure adina eta hari dagozkion ezaugarri edo aldaketak onartzea.

Zaharren kontra gaude, baina inozoak gara: zahartzaroa gure patua da. Azalaren kolorea, ezaugarri fisiko edo psikikoak oinarriak izan daitezke pertsona batzuk diskriminatzeko, baina beste lagun batzuk, ez. Hala ere, zahartzea denoi iritsiko zaigu—eta iristen ez bazaigu, seinale txarra—. Denok zahartuko gara; denok gaude baztertuta sentitzera kondenatuta.

Tranpa horretan sartu gara. Korrika goaz gaztetasunaren esklabo, gure fantasietatik askatu ezinean. Betigazte kuadrilla bihurtu gara. Erritmo frenetikoan bizi gara, geure energia mugagabea erakusten. Adin batetik aurrerakoak baztertzen ditugu. «Zer egin behar da 40 urterekin, bada? Hil?», erantzun zion Madonnak kazetari bati, zergatik segitzen zuen kantatzen galdetu zionean.

«Pertsona batzuk 25 urterekin hiltzen dira eta 75 urterekin lurperatzen dituzte», idatzi zuen Benjamin Franklinek. 84 urterekin hil zen Franklin, 1790ean, adinean oso sartuta garai haietan. Oraingo bizi-itxaropenari erreparatuta, esan liteke 25 urterekin hiltzen direla eta 85 edo 95ekin lurperatzen dituztela. Zer ezkutatzen da gure derrigorrezko gaztetasunaren maskararen atzean? Ez da izango lanak, hipotekak, zorrek eta eguneroko bizimodu tristeak eta gabeziek itzaltzen gaituztela eta bizigarriak behar ditugula, begietan aspaldi histutako txinpartak pizteko, tarteka bada ere?

Haurtzaroa lapurtzen digute eta zahartzaroa debekatu. Gazteak izan eta gazte sentitzera behartuta gaude. Zahar-etxera goaz bisitan, eta segituan alde egiten dugu, errealitate bainuan ahalik eta gutxiena bustitzeko, bertan ez itotzeko.

Heriotza, gure azken ostatua gogorarazten digute zaharrek, haien usainek, haien ahots indargeak, haien ibilera traketsak, haien keinuek. Horregatik ihes egiten dugu. Horregatik apaintzen dugu geure miseria. Horregatik antolatzen dugu ikuskizuna, show-a: biloba eta aitona ikusten ditugu kalean. Bataren kamisetan Mickey Mouse dago, irribarretsu; bestearenean, Bugs Bunny. Ondoan beste biloba dago, elastikoan Born to be wild idatzia. Eta amona, I am a brave girl aldarrikatzen. 80 urterekin neska-mutilak gara oraindik. Betigazte gabiltza. Viagra dukea eta Vaginesil markesa ez dira inoiz zimelduko.

Batzuetan gaztea naizela uste dut, baina segituan konturatzen naiz jadanik 57 urte ditudala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.