Presoekiko legea «zorrotz» beteko duela agindu die gobernuak biktimei

Grande-Marlaska Barne ministroak ETAren biktimak hartu ditu, eta esan du «garden» ariko dela

ETAren biktimen elkarteak, atzo, Madrilen, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroarekin eskubian. BERRIA.
enekoitz esnaola
2018ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Astelehenean, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak beste espetxe politika bat ezarriko dutela iragarri ostean, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak, gaia zehazki aipatu ez badu ere, ETAren biktimei agindu die «legezkotasun printzipioa zorrotz» beteko dutela, eta, horrez gain, gobernu berriak «aldez aurreko informazioa eta gardentasuna» ere izango dituela irizpide, «konfiantza» lortze aldera. Madrilen hartu ditu biktimak, Barne Ministerioan, 30en bat ordezkari; haien artean izan dira AVT, Covite, Fernando Buesa eta Dignidad y Justicia elkarteetakoak.

Haiekin egin du Grande-Marlaskak Barne Ministerioan zenbait eragilerekin egitekoak zituen bileretan aurrena. Eskerrak eman dizkie «[ETAren] terrorismoa garaitzeko» egindako «baitezpadako borrokagatik». Dioenez, «pitzadurarik gabeko batasuna ezinbestekoa da terrorismo orori irabazteko».

Bileraren ondotik egindako adierazpenetan, Maite Araluze AVTko presidenteak ohartarazi du indarrean segitu beharko lukeela euskal presoen aurkako urrunketa eta sakabanaketa politikak, aldaketa ETAren garaipen baten modura hartuko litzatekeelakoan. Gainera, uste du «porrot bat» izan zela Langraiz bidearen «esperimentua», hogei preso pasa baino ez zirelako atxiki, eta, hala ere, inork ez duelako lagundu argitu gabeko atentatuak argitzen. Covitek Barne ministroari eskatu dio presoei Euskal Herriko kartzeletara gerturatzeko «baldintza» gisa exijitzeko «indarkeriaren baztertzea, banan-banan, argi eta amarrurik egin gabe».

Barkos eta Fernandez

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak «espetxe politika arruntera» itzultzeko etaeuskal presoekiko «politika bereziak» amaitzeko eskatu dio Madrili. Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bizikidetza idazkari nagusia ere aritu da gaiaz. Esan du «ezinbestekoa» izango dela «ahal den adostasun zabalena» lortzea, eta uste du badaudela «lege baldintzak» presoak gerturatzeko pausoak emateko, neurri humanitarioak hartu eta gizarteratzea indartzeko. Uste du «logikoak» direla gobernu berriaren pausook.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.