Bergarako lotunearen obretako bat adjudikatu du Espainiako Gobernuak

134 milioi euroren truke egingo ditu AHTaren lan horiek aldi baterako enpresa elkarte batek

AHTko zubibide bat, Bergara gainean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
2018ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako AHTaren lerroak batuko dituen lotunea eraikitzeko beste urrats bat egin du Espainiako Gobernuak: Bergarako lotunearen (Gipuzkoa) lehen zatiaren obra adjudikatu dio aldi baterako enpresa elkarte bati. Atzo argitaratu zuen 134 milioi euroko kontratu adjudikazioa aldizkari ofizialean. Honako enpresa hauek osatzen dute elkartea: OHL (%40), Geotunel (%30), Construcciones Sobrino (%20) eta Agrupacion Guinovart Obras y Servicios Hispania (%10). Arrasate, Bergara eta Elorrio lotuko dituen 5,1 kilometroko trenbide zatia da, eta Madrilek joan den urrian atera zituen lizitaziora obrak.

Euskal Y-aren lotune garrantzitsuena da Bergarakoa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa lotzen direlako bertan. Hasiera batean, bost zatitan banatu zuten obra hori. 2014ko apirilean adjudikatu zituen lehen lanak Madrilek. 2016ko ekainean, ordea, kontratuak baliogabetu zituen Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileak, ez zirelako ados jarri gobernua eta enpresak. Izan ere, obrak lizitazio prezioaren erdian adjudikatu zituen Sustapen Ministerioak, baina, gero, enpresek diru gehiago eskatu zuten, «ezinezkoa» zutelako obrak egitea prezio horretan. Beraz, berriro lizitatu zituzten obrak, oraingoan hiru zatitan banatuta, «prozesua azkartzeko».

Atzo adjudikatu zuten zatia lurpean joango da tarte handienean. Hiru tunel izango ditu: Udalatx ekialdekoa, Udalatx mendebaldekoa eta Kortazarrekoa. Zubibide bat izango du, eta tunel artifizial bat Angiozarren. Gainerako bi zatiak lizitatuta daude, adjudikaziorako esperoan. Batek Arrasateko ekialdea eta Bergara lotuko ditu, eta besteak, Arrasateko mendebaldea eta Bergara.

Abiadura handiko trenaren obretan atzerapen handia eragin dute Bergarako lotunearen inguruko gorabeherek. Lanen arduradunek 2023rako bukatzea aurreikusi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.