Beste oposizio batzuk auzitan

Nafarroako ingeleseko Bigarren Hezkuntzako oposiziogile taldeak haserrea erakutsi du azken eskaintza publikoan izandako emaitza baxuen harira: postu batzuk betetzeke geratu dira.

Oposiziogileak azterketa bat egiten, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2018ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Ezinegona eta harridura dira nagusi Nafarroako lan eskaintza publikoko (LEP) ingeleseko hautagaien artean. Ekain amaieran egin zituzten azterketen emaitzak kaskarrak izan dira, eta postu asko hutsik gelditu dira ondorioz. Euskarazko zerrendarako ingeleseko proban aurkeztutakoen %84 lehen fasean kanporatu zituzten, eta eskaintzen ziren 21 plazetatik zortzi baino ez dira bete. Gaztelerazko zerrendako datuak bertsuak dira: hautagaien %89 kanporatu zituzten lehen fasean. Oraindik ez da bigarren fasea amaitu adar horretan, baina aurreikusi dute gutxienez bost plaza geldituko direla betetzeke. Gehiago ez badira.

Oposiziogileek argitu dute beren haserrealdia ez dela «kasketaldi bat». Hautagaiek taldean aurkeztu duten agirian adierazi dutenez, lortutako nota baxuetatik harago, prozesu osoaren «gardentasunik ezak» eragin die ezinegonik handiena. Era berean, ezin dute ulertu nola jarri dizkieten hain nota baxuak, haien ustetan ongi egindako azterketetan ere emaitza txarrak izan baitira.

Hautagaiek ebaluazio irizpideetan eta zuzenketetan antzeman duten «ilunkeria» salatu dute. Azaldu dute ez zituztela ezagutzen zuzentzaileek oinarri hartuko zituzten irizpideak, eta, beste hainbatetan, ezarritako irizpideak ez direla aintzat hartu. Esaterako, azaldu dute ez zekitela azterketetan penalizazioak egonen zirela. Argitaratutako irizpideak «orokorrak eta zehaztugabeak» izan direla agerian uzten duten hainbat adibide daude, haien aburuz: «Itsuan egin ditugu bai azterketa, bai prestakuntza ere».

Azterketa prozesuan egindako berrikuntzak ere haserrerako arrazoi izan dira oposiziogileentzat. Hautagaiek azaldu dutenez, LEPeko bigarren fasea da atalik didaktikoena azterketan, hots, programazioaren defentsa. Orduan azaltzen dituzte haien metodologia, helburuak eta jarduera motak, batik bat. Aurten, ordea, lehen aldiz, kanporaketa fasea gainditzea baldintza da programazioaren defentsa egin ahal izateko. Horregatik, bi zerrendetan hautagaien %20k baino gutxiagok izan dute horretarako aukera.

Azterketa prozesuan zein erreklamazioetan zuzentzaileengandik jasotako argibide «kontraesanezkoak» ere salatu dituzte. Azaldu dute zehaztapen eskaseko aginduek azterketa zaildu dutela, eta erreklamazio prozesuan «erabateko iluntasuna» egon dela. Kexa nagusien artean, honako hau gailendu da: ez dute norberaren azterketa ikusteko aukerarik eduki, esan dutenez.

Administrazioari egindako erreklamazioez gain, hautagaiek jakinarazi dute Arartekoarekin mintzatuko direla. Babesa jasotzea espero dute, eta, hala, argi ezagutzea kalifikazioen zergatia.

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak azken egunotan esan du «presazkoa» dela gertatutakoari irtenbidea bilatzea. Haren hitzetan, gogoeta «behar-beharrezkoa» da, eta postuak betetzea da lehentasuna. Gogoratu du, gainera, arazoa ez dela soilik Nafarroan gertatu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere apalak izan ziren DBHko LEPeko emaitzak, eta postu asko gelditu dira bete gabe.

Sindikatuak ere kexu daude. LABek bilera eskatu dio Nafarroako Hezkuntza Departamentuari; hark du gehiengoa hezkuntzako mahai sektorialean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.