Elikadura. Hazkurri kontuak

Zentzuzko kontsumorantz, polliki-polliki

2014ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako banatzaile handi batek, bere aldizkariaren azkeneko edizioan, kontsumoa arrazionalizatzeko hainbat jarraibide bidali dizkigu. Egokia eta beharrezkoa da modu burutsuago batez bizitzen hasi eta ohitzea, firma espainiar horrek emaniko aholkuak bere buruari aplikatzen ez badizkio ere. Agian ez da gauza horrelakorik ikasteko. Guk, arazo ekonomiko ikaragarririk ez dugunez, preferenteak eta antzekoak jaulki ordez, alferrikako kontsumoa jaisten eta ingurugiroa zaintzen saiatuko gara. Nola?

Automobila ez hartzea

Erosketak egitera kotxean joatea kaltegarria da: dirua gastatu eta CO2 emititzea. Hobe, beraz, oinez eroso iristen garen saltoki gertukoetara joatea, betiko dendara.

Sasoian sasoikoa, tokian tokikoa lehenestea

Gure amonak ere halaxe zioen, espainiar eta banatzaile erraldoi izan gabe. Erosketak egiteko, automobila eramatea kaltegarria bada, salmentak egoteko ere, beste horrenbeste. Elikagai batzuek (merkeenek, gainera) milaka kilometro egiten dituzte batera eta bestera, gure mahaira iristerako. Eta, gehienetan, horien parekoak herriko baratzetan ditugu, aukeran.

Erositakoa etxeko zorro edo orgatxoan sartzea

Aluminioan, paperean, kartoian eta zelofanean bildutako txokolate ontza erosita, erabilera bakarreko poltsan sartzea dugu ohitura. Poltsa horiek, behin baliatuta, plastikozko beste zorro batean sartu eta… Hori ez ote da ergelen tenplua?

Erosi aurretik, burua erabiltzea

Alferrikako gastu gehiegi ez egiteko. Metodoz, ez egin kasu handirik publizitateari, modari, erakargarritasun burugabeari, beharrezkoa ez denari (gogoan izan: askok ez dute ezinbestekoa erosteko sosik).

Erabilera bakarrekorik? Ezetz!

Esana dago, ezta? Birziklatzerik ez! (Hobe birziklatu beharrik ez izatea)

Bilgarri gehiegi dituztenak ere, utzi bere tokian

Ez erosi: enpresak bilgarrietan gastatutakoa ez dizu jeneroan emango, hauxe zor zaizun arren. Ahal bada, erosi soltean.

Iraungarritasuna lehenestea

Ingurumena, gizakia, harreman humanoak, oreka… errespetatzen dituztenak, aukeran. Euro erdia merkeago izatearren, gizakiaren, basoen eta abarrenesplotazioa justifikatzea bide motza da, okerrekoa.

Bitartekoei, paso

Hori ez dio banatzaile horrek, bere negozioa artekaritza espekulatzailean duelako, baina logikoena da: ahal baduzu, erosi arrantzaleari, artzainari, laborariari, ardogileari… ondoren, dendariari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.