Maravillas gaztetxearen auzia artxibatzea erabaki du epaileak

Nafarroako Gobernuak eskatu du Rozalejoren eraikina husteko agindua eteteko, eta horren aurrean epaitegiak erabaki du auzi osoa ixtea bLaukoaren barruan «sintonia falta» dela onartu du Solanak

joxerra senar
Iruñea
2018ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Epaitegietatik arnasa etorri zaie Maravillas gaztetxeko kideei. Atzo eguerdian Nafarroako Gobernuak Rozalejoren eraikina husteko agindua eteteko eskatu zion Iruñeko laugarren instrukzio epaitegiari, eta Edilberto Esteban zaintza epaileak ebatzi zuen auzi osoa ixtea. Auzia irekirik zegoen irailaren 3tik; hau da,gaztetxeko kideek eraikina okupatu eta handik gutxira gobernuak salaketa jarri zuenetik. Epaileak bertan behera utzi du orain auzia, eta, ondorioz, epaitegietatik ez da iritsiko husteko agindurik. Autoan, epaileak erabaki du «husteko erabakiaren kontrako borondate berriaren aurrean» eskaera hori aintzat hartzea. Zigor Kodearen arabera, delitua dago baldin eta eraikina okupatzen dutenek jabearen borondatearen kontra egiten badute. Aitzitik, orain baldintza hori ez dela gertatzen uste du: «Ezin esan daiteke jabeak ez diren beste pertsona batzuek eraikina erabiltzea egungo titularraren borondatearen kontrakoa dela», arrazoitu du.

Halaber, autoak erreferentzia egiten dio herenegun Rozalejoren eraikina husteko aginduari. Kasu hartan, Foruzaingoaren txosten bat hartu zuen aintzat epaileak. Txostenean nabarmentzen zenez, gaztetxeko kideek eraikinean hainbat obra egin dituzte «balizko hustea eragozteko edo zailtzeko». Txostenean, Foruzaingoak zioen «pertsonak erortzeko» edo eraikinetik «objektuak erortzeko» arriskua zegoela. Era berean, foruzainen ustez, egoera txarrean dago eraikina, eta aldaketek «egiturazko arriskuak» eragin dituzte, eta argindar instalazioak sutea eragiteko arriskua du. Atzo eguerdian, ordea, gobernuak agindu hori eteteko eskatu zuen.

Epailearen erabakia jakin bezain azkar, Maria Solana Nafarroako Gobernuko eledunak prentsaurrekora deitu zuen. Nabarmendu zuen herenegungo «gertaera larrien aurrean» gobernuak eskaera etetea erabaki zuela «denbora irabazteko eta herritarren segurtasuna bermatzeko». Solanak argi utzi du jabego publikoaren aferari ez diotela uko egin, baina «husteari eusteko zailtasunen aurrean» egoera berbideratzea hobetsi dute, «Rozalejoren jauregiak helburu jakin bat eduki arte bederen». Kezka azaldu zuen eraikinaren egoeragatik, eta gobernuko ondarearen atalak egin beharreko txostenaren zain daude.

Husteko agindua eteteko eskaera hori «aldebakarrekoa» izan dela aipatu zuen, laukoaren barruan «sintonia falta» dagoelako. Atzo goizean bilera egin zuten lau alderdietako ordezkariekin, eta Solanak aipatu zuen «aurrez ezarritako irizpideekin» joan zirela alderdiak, ikuspuntu orokorra eduki gabe eta norbere erantzukizunak hartu gabe. Solanak gogorarazi zuen gobernuarena ez dela ardura bakarra, eta berretsi zuen Iruñeko Udalari dagokiola bitartekaritza, gaztetxearen jarduera «udalaren esparru barruan» dagoelako. «Hori ez dugu guk asmatu, ez dugu guk zehaztu, ez dugu guk erabaki». Solanaren ustez, Iruñeko Udalak auzi honetan asko du esateko: «Hainbesteko borondatea badu irtenbidea bilatzeko, gu laguntzeko prest gaude», gaineratu zuen.

Epaitegietako berri izan aurretik, eguerdian, Maravillas gaztetxeko ordezkariek egoeraren balorazioa egin zuten. Alde batetik, Nafarroako Gobernua egin zuten hustearen eta poliziek erabilitako indarkeriaren «erantzule bakar». Bestetik, gaztetxea berriz ireki denez, orain gobernuak «bigarren aukera» duela nabarmendu zuten, eta hustearen aurrean bestelako alternatibak daudela zehaztu zuten.

Gaztetxeko ordezkariek salatu zuten herenegun poliziek borrekin kolpeak jo zituztela eta gomazko pilotak jaurti zituztela.«Hau al zen huste baketsua? Hau al da Gobernuak elkarrizketatzat duena?».

Herenegun Solanak nabarmendu zuen gobernuak abuztuaren 8tik bi ahalegin egin zituelaeta egoeraren erantzule egin zuen Joseba Asiron. Horren aurrean, gaztetxeko ordezkariek Solanaren kritika «onartezina» dela uste dute. «Gaztetxeko batzarrak agerian utzi zuen ez zutelako elkarrizketarako benetako borondaterik. Elkarrizketa 48 orduz atzeratzea proposatu eta ezezko irmoa jaso genuen». Halaber, deitoratu dute gobernuak bere erantzukizuna saihestu nahi izatea, «alkateari egotziz ardura».

Epailearen erabakiaren berri izan aurretik ere, gaztetxetik eskua luzatu nahi izan zioten gobernuari. «Orain bigarren aukera du azken egunetan egin dituen gauzak konpontzeko, edo behintzat benetako elkarrizketa bat adierazteko». Aipatu zuten gobernuari dagokiola orain pausoa ematea. Proposamenik egiteko badu, Asiron entzuteko prest direla azaldu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.