ZUZENDARIARI

Agur, Xiberoa

Allande Etxart.
Maule.
2015eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Daugin urtean kostaldeko zuberotarrek Catalina Erauso pastorala emanen dute, eta atharraztarrek, aldiz, Jean Pitrau. Elkarrekin zerbaiten egiteko asmoz, kostaldekoak jin dira Atharratzera, eta bertako arduradun batek ukatu du kostaldean pastoral baten zilegitasuna: «Lapurtarrek egiten ahal dute, baina Lapurdiko zuberotarrek, ez!». Beharrik erranaldi horren jabea bakarrik zen, baina haren adierazpena baliatuko dut zuberotar maitasun hertsi ala zabalen ilustratzeko.

1920ko hamarkada Pierre Lhande jesuitak hiztegi bat bildu zuen eskualdeetako hitzak zehaztasun handi batekin azalduz. Garai berean, Atharratzeko Constantin medikuak anitz idazten zuen eta eskualdeetako idazleen artean hobeki komunikatzeko hizkuntza «batu» bat desiratzen zuen Broussain hazpandarrarekin batera. Euskaltzain talde bat etorri zen Atharratzera, eta Constantinek Ligets koblakaria eraman zuen agurtzera. Horrek «euskaldun anaiak» beroki agurtu zituen.

Zuberotar anitz bazen Parisen lanean, eta bigarren mundu gerlatik landa Euskal Etxea eraiki zen, beharrezko euskaldunen bilgunea. Hegoaldetik heldu errefuxiatu andanak adierazpen azkarra azaltzen zuen eta zuberotarrak ere dantzan eta kantan ari ziren ahal bezainbat, berezgoaren zaindu beharrez. Paristar horiek haurrak igorten zituzten Zuberoara udan, eta han besta handi bat ospatzen. Etxahun Irurik Agur, Xiberoa kantatu zien eta paristarren berezgoa gailurrera heldu zen: zuberotar/manex bereizketa finkatu zuten. Egoera ekonomiko eta ospe onak paristarren mezua zabaldu zuen Zuberoa osora; zuberotar eta manexak, «gu eta besteak», zutabe berria zutik zen.

Roncesvals ikusgarria ikusi nuen Baionako zezen plazan, eta Errolan hiltzen den uneaz ontsa oroitzen naiz: Errolan lurrean, eta zuberotar bat Magnificat kantatzen. Ez dakit Karlomanek doluminik azaldu zuen Iruñeko biztanleen masakratzeaz, baina sarraski egile nagusia omendu zuen zuberotar batek. Maitasun zabalaren ikurra, maitasun hain zabala, non eta mamia ez den gehiago nabaritzen.

Gaztetan Ozaze Jaurgainean kantua ez dut entzun eta ikasi bestetan; ezagutua zen, baina «tristeegia» zelakoan ez zen kantatua. Aldiz, Benito Lertxundiren diskoarekin ikasi dut. Alta hertsiek ebasle bezala tratatzen zuten. Benitok eskualdeetako kantuen zabaltzearekin ekarpen ederra egin zuen. Ber gisan ikusten dut zuberotar maskarada eta pastorala antzerkien hedapena, hertsikeriak gainditurik, euskaldun ororen adierazpen tresna.

Orain Zuberoan Agur hitza guti erabilia da; gehienek Adieu hitza erabiltzen dute agurtzeko, berezgoaren seinale argia. Haatik, frantziar hitz batean bermatzen da berezgoa hori. Beraz, Agur Xiberoa ezaguna bada, ailedi xiberotarrek ere Agur hitza erabiltzea. Agian, egun batez...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.