AEBek osasun azterketak egingo dizkiete haur etorkinei

Zaintzapean dauden 10 urte baino gutxiagoko adingabe guztiak aztertuko dituzte, hiru astetan bi hil direlako

Migratzaileak, Tijuanan (Mexikon), iragan Gabon egunean. ALONSO ROCHIN / EFE.
2018ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
WASHINGTON. AEBetako Gobernuaren zaintzapean zeuden bi etorkin adingabe hil dira hiru astetan. Horrek sortu duen salaketa erauntsia baretzeko asmoz, CBP mugak eta aduanak kudeatzeaz arduratzen den agentziak adierazi du osasun azterketak egingo dizkiela atxikiak dituen 10 urte baino gutxiagoko haurrei. Azken heriotza Felipe Gomez Alonzo 8 urtetako haur guatemalarrarena izan da, joan den Gabon gauean.

Muga baimen ofizialik gabe gurutzatzen duten migratzaileek atxilotuak izateko arriskua dute. Hori gertatuz gero, bi agentzia arduratzen dira haiek atxikitzeaz: CBP eta ICE Immigrazioaren eta Aduanen Kontrola. Legearen arabera, CBPk gehienez 72 orduz atxiki ditzake etorkinak; horregatik, ICEk baino baliabide gutxiago izan ohi ditu. Hala ere, epe luzeagoan atxiki ohi ditu. Hori izan zen Gomez Alonzoren eta haren aitaren kasua. Hilaren 18an atxilotu zituzten Mexikotik sartu ondoren, eta CBPren esku gelditu ziren hasieratik. Alamogordo hiriko zentro batera eraman zituzten —Mexikoko mugatik 145 kilometrora—. CBPren arabera, hilaren 24an haurra gaizki sentitzen hasi zen, eta bi aldiz eraman zuten ospitalera. Sukarra atzeman zioten, eta botaka egin zuen. Gauerdia baino lehen hil zen, baina CBPk ez du zehaztu arrazoi zehatza.

Gertakari horrek berriz ere ezbaian jarri du AEBetako Gobernuak etorkinekin eta, bereziki, migratzaile adingabeekin duen jarrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.