Gernikak 56-69 galdu du Perfumerias Avenidaren aurka

Gertatzen dena gertatzen dela, bizkaitarrek multzoko bigarren postuan amaituko dute laugarren jardunaldia

Nikolina Milic, atzo. M. RAMIREZ / FOKU.
2019ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
SASKIBALOIA. Lointek Gernika Bizkaiak ezin izan zuen ezustean harrapatu Perfumerias Avenida atzo, Malosten, eta 56-69 galdu zuen Eurokopako ligaxkako laugarren jardunaldian. Hala, Espainiako taldeak ziurtatu egin du multzoko lehen postua, eta final-hamaseirenetarako sailkapena. Gernikak, ordea, bigarren lehia galdu du, baina hala ere, aldeko du sailkapena. Bigarren da, bi garaipen lortuta, Uni Gyorren eta Olivaisen aurkakoak. Alde handiz lortutakoak izan dira biak, 36 eta 24 punturengatik, hurrenez hurren. Uni Gyorrek garaipen bakarra du, eta Olivaisek batere ez. Bi taldeok gaur jokatuko dute elkarren aurka, Portugalen. Beraz, zer gerta ere, Gernikak bigarren tokian amaituko du jardunaldia, kanporaketa jokatzeko aukera ematen duen postuan.

Gernikak eta Perfumerias Avenidak duela hiru aste Salamancan (Espainia) jokatutako partidan egin bezala, bizkaitarrek lanak eman zizkioten aurkariari minutu askoan. Ondo hasi ziren berriro, eta horri esker, aurretik ziren bigarren laurdenaren erdia jokatuta: 22-19. Baina etxean egin bezala, Perfumerias suspertu egin zen, eta partida irauli zuen hirugarren laurdenean: 28-37.

Etxekoak ez zeuden amore emateko prest, eta zaleen babesarekin, gora egin zuten, eta lau puntura jarri azken laurdenaren hasieran: 46-50. Baina orduan jo zuen kolpe erabakigarria Espainiako taldeak, hamar puntu jarraian sartuta: 46-60. Bost minutu falta ziren oraindik, baina erabakita zegoen lehia. Milic (16 puntu eta zortzi errebote) eta Arrojo (13 puntu) izan ziren onenak Gernikan, eta Vitola (16 puntu eta bederatzi errebote) Perfumerias Avenidan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.