Elezkano II.a finalerdietan da, Etxeberriari 22-13 irabazita

Zaramatokoak Irribarriaren aurka jokatuko du, hilaren 19an, Eibarren. Olaizola II.a hilaren 17an itzuliko da lehiara

Elezkano II.a, atzo. A. CANELLADA / FOKU.
2019ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
PILOTA. Danel Elezkano bigarren urtez jarraian ariko da Banakako Txapelketako finalerdietan. Zaratamoko (Bizkaia) aurrelaria atzo sailkatu zen, Tolosan (Gipuzkoa), Peio Etxeberriari 22-13 irabazi ondoren. Elezkano II.ak Iker Irribarriarekin neurtuko ditu indarrak, hilaren 19an, Eibarren (Gipuzkoa), Astelenan. Egun bat lehenago ariko dira Mikel Urrutikoetxea eta Joseba Ezkurdia, Bilbon.

Etxeberria, ordea, lehiatik kanpo geratu da. Zenozko (Ultzama, Nafarroa) aurrelariak burua tente egin du, oso maila ona baitu maila nagusiko buruz burukoan aritu den lehen aldian. Javier Zabala, Asier Agirre eta Beñat Rezusta kanporatu ditu, hurrenez hurren. 20 urte bakarrik dituela kontuan hartuta, izango ditu aukera gehiago etorkizunean. Gainera, erakutsi du gaia baduela, eta oso ona.

Atzo, ordea, ez zuen aukerarik izan. Elezkano II.a nagusi izan zen. Aurretik joan zen beti, eta partidaren lehen erdira arte Etxeberria gai izan zen eusteko: 6-2tik 6-6ra, eta 13-8tik 13-12ra. Baina kontrakarrean aritu behar izateak nekatu egin zuen nafarra, eta Elezkano II.ak ondo baliatu zuen zazpi tanto jarraian egin eta lehia erabakita uzteko: 20-12. Azken txanpa horretan bizkaitarrak min handia egin zuen sakearekin. Elezkano II.ak sei tanto egin zituen —bi sakez—, eta lau huts egin. Etxeberriak, berriz, bederatzi egin zituen, eta hamabi huts egin.

Bestalde, Aimar Olaizola hilaren 17an itzuliko da lehiara, Aspariegosen (Zamora, Espainia), hiru hilabete eta erdiz min hartuta egon ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.