Albistea entzun

ZUZENDARIARI

Mariano Mendigatxa Ornat eta 'uskara'

Gotzon Perez Artutx. -

2018ko abuztuak 30 - Bidankozarte egitasmoa.

Duela mende bete, 1918ko garilaren 31n, Mariano Mendigatxa Ornat (1832-1918) zendu zen, Bidankozen. Hari esker, euskalkirik arkaikoenaren, alegia, Erronkariko uskararen, ezagutza mamitsua dugu. Mendigatxa eta bere lana, ordea, nahiko ezezagunak dira oraindik.

Mariano Mendigatxa Bidankozen jaio, bizi eta hil zen. Bere bizitzako gorabeherek Erronkariko uskararen ikerketarako iturri nagusietako bat bilakatu zuten.

1862an, Louis-Lucien Bonapartek bere aholkulariei galdetu zienean erronkariera aztertzeko bailarako zein herri izan zitekeen egokiena, haiek Bidankoze aukeratu zuten. Bidankozen, bi laguntzaile paregabe aurkitu zituen: Prudenzio Hualde apeza eta Mariano Mendigatxa.

Urte batzuk geroago, 1878an, Arturo Kanpion izan zen Mendigatxarekin harremanetan jarri zena, kasu honetan Orreaga balada Bidankozeko uskarara itzultzeko.

Hizkuntzalariei dagokienez, bi hamarkada zuri eman ondoren, 1902an Resurreccion Maria Azkue izan zen dagoeneko zaharkitua zegoen Mariano baten mesedeak eskatu zituena. 1902ko udan Santa Grazin topaketa bat egin ondoren, urte hartan bertan hasi eta 1916ra arte luzatuko zen gutun trukea eduki zuten. Mendigatxaren eta Azkueren arteko gutunak, hizkuntza ondare garrantzitsua izateaz gain, etnografiako benetako altxorra ere badira.

Marianoren bizitza euskalkiaren gainbeheraren laburpen gisa har genezake. Mendigatxa 1832an jaio zen, uskara sasoi onean zegoen eta nagusi zen Bidankoze batean, nahiz eta gizonetako askok gaztelania ezagutzen zuten ordurako. Emakumeek, ordea, ia ez zuten gaztelania ezagutzen.

Karlistadek hizkuntzaren erabilerako atzerapauso handiak ekarri zituzten, azkenak bereziki (1872-1876), Bidankozen, dirudienez, kasu askotan familia-transmisioaren etena ekarri baitzuen. Guda amaitu ondoren, gainera, herriak izan zuen azken parroko uskalduna hil zen, Prudenzio Hualde, harekin Erronkariko uskara elizatik ere desagertu zela. Horrela, Mendigatxa etxean Marianoren seme-alabek uskara ikasi zuten, baina ez, ordea, bilobek.

Horrela, uskara eremu publiko gehienetatik desagertzen joan zen eta etxe barrura baztertua izan zen. Fase horretan zegoen hizkuntza Azkuek Mendigatxa ezagutu zuenean, eta hortik datoz Marianok aipatzen zituen uskarazko hitz batzuk gogoratzeko arazoak, ez baitzen geratzen erronkariera bera bezala menperatzen zuenik.

Gaur badakigu Bidankozen uskara ez zela Mariano Mendigatxarekin desagertu.

1932an, Azkuek, Euskaltzaindiko lehenengo lehendakariak, Mendigatxari oroitarri bat jartzea proposatu zuen, jaiotzaren mendeurrena aprobetxatuz. Akademiak onartu egin zuen, baina ez zuten bere etxean ipini, ziur aski garaiko kontuak zirela eta.

Hori dela eta, bere heriotzaren mendeurrena aprobetxatuz, eta Prudenzio Hualderekin egin zen bezala, bidankoztar ospetsu honi omenaldi xume bat antolatu zaio, merezi duen bezala gogora dezagun. Horretarako, Bidankozeko Aiza-Bulguak 2018ko setemeraren 1erako ekitaldi bat antolatu du, herriko xeien barruan, eta Euskaltzaindiaren parte hartzearekin.

Mendigatxaren inguruko hitzaldia, Bidankozeko alkatearen eta euskaltzain baten hitzak, Mendigatxaren omenezko xaflaren estalkia kentzea eta Erronkariko uskarazko antzinako abestien kantaldia Julian Gaiarre abesbatzak lagunduta. Horrela, azkenik, «eskarrik anitx, Mariano!» bat eskainiko diogu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.