Egonaldi artistikoak antolatu dituzte Tabakalerak eta EHUk

ARTEA. Tabakalera Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Euskal Herriko Unibertsitateak egonaldi programa abiatu dute aurten. Programak lotura estua du EHUko Arte Ederren Fakultateko Arte Garaikide eta Performatiboa masterrarekin, eta ikerketa, sormena, eta artearen, zientziaren eta teknologiaren profesionalizazioa sustatzea du helburu. Jasotako proposamenen artean, sortzaile eta proiektu hauek aukeratu dituzte: Antton Goikoetxea (s/t), Pama Canoles (Oleajes eléctricos), Danel Garai (La ciudad invisible), Victoria Ascaso (Alma 1.0) eta Oriol Pares (Quantum Harmonic Oscillator).
Aste honetan hasi dute egonaldia, Tabakalerako Artisten Gunean, eta sei astez lan egingo dute han. «Proiektuak garatzeko tokia, testuingurua eta denbora izango dute. Tabakalerako kideen laguntza izango dute, egitasmoen jarraipena egingo dute, eta horiek garatzeko ezagutza teknikoa eskainiko dieten zenbait adituren laguntza ere bai», azaldu dute Tabakalerako eta EHUko ordezkariek. Hain zuzen, sorkuntza prozesuetan lanean ari diren zenbait ikerketa zentrotako profesionalekin eta artistekin lan egiteko aukera ere izango dute.
Bi erakundeek sustatutako egonaldi programa Tabakaleraren Artea, Zientzia, Teknologia eta Gizartea lan ildoaren barruan sartzen da. Horren helburuetako bat da sorkuntza artistikoko proiektuak zientziaren eta teknologiaren esparruko adituekin garatzea.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.