CAFen amiantoak 37 heriotza eragin dituela salatuko dute

Apirilaren 30ean omenaldia egingo diete amiantoaren erruz hildako lankideei Beasaingo plantan

2019ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
BEASAIN. CAFeko langile erretiratu bi —I.S.E. eta A.S.H.— hil berri direla-eta, Beasaingo konpainia trengileko langile batzordeak omenaldi bat eta kontzentrazio bat egitera deitu du apirilaren 30erako, datorren astearterako, amiantoaren biktimen omenez. CAFen Beasaingo sarrera nagusian amiantoaren biktimen omenez egindako monumentuaren inguruan egingo dute omenaldia, 10:00etan.

Batzordeak oharrean azaldu duenez, dagoeneko 37 langile hil dira Beasaingo lantegian, lanpostuan amiantoa arnastearen ondorioz. Heriotza kopuru hori lan gaixotasunaren aitortza ofiziala jaso dutenei dagokie bakarrik. «Gai honetan nahastuta dauden enpresen jarrera salatu nahi dugu, gaixoei edo hildakoei eta, ondorioz, baita familiartekoei ere, kalte-ordain edo laguntzen errekarguak eskatzeko oztopoak jartzen baitizkiete», adierazi du langile batzordeak.

CAFeko beharginek administrazio publikoaren «jarrera itxia» ere salatu dute. «Urtez urte eragozpenak jarri dizkiete biktimak laguntzeko bideak zaildu eta Europako beste hainbat herrialdetan funtzionatzen duten konpentsazio funts bat sortzeari. Bide horiek irekiko balituzte eta garrantzia emango baliete, biktimek ez lukete auzitara joan beharrik izango», gaineratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.