Euroguneko ekonomia %0,1 apaldu da lehen hiruhilekoan

Azken bi hiruhilekoetan BPGaren hazkundea negatiboa izan denez, atzeraldi teknikoan dago eurogunea

2023ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
BRUSELA. Handia da Alemaniaren pisua euroguneko ekonomian —BPGaren %28 ekartzen du—, eta horregatik esan ohi da Alemaniak hotza duenean eurogune osoak doministiku egiten duela. Bada, esaldi hori berriro baliagarria dela erakutsi dute Eurostaten azken datuek.

Estatistika bulego horrek zuzendu egin du apirilaren bukaeran barne produktu gordinari buruz emandako datua. Orduan esan zuen euroguneak izkin egin ziola atzeraldiari, urtarriletik martxora hamarren bat handitu zela. Baina, orduz gero, Alemaniaren behin-behineko datua aldatu du Destatis hango estatistika erakundeak —%0tik -%0,3ra—, eta gauza bera egin behar izan du Eurostatek. Orain dio euroa duten hogei estatuetako ekonomia %0,1 txikitu zela urteko lehen hiruhilekoan. 2023ko azkenekoan ere datua hori izan zenez, atzeraldi teknikoan dago eurogunea —bi hiruhileko segidan hazkunde negatiboarekin—.

Eurostatek azaldu duenez, inflazio handiarengatik familien kontsumoa -%0,3 apaltzea izan da atzeraldiaren arrazoi nagusia, baina gastu publikoa ere asko jaitsi da, %1,6 hain zuzen ere. Enpresen inbertsioak, ordea, bilakaera positiboa izan du (+%0,6).

Euskal Herrian, baina, ez dago atzeraldirik. Eustaten arabera, EAEko ekonomia %0,5 handitu da martxora bitarte; Nafarroakoa, berriz, %0,3, Nastaten arabera. Frantziako ekonomia %0,4 handitu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.