1991tik lehen aldiz, Alemaniak merkataritza defizita izan du

Inportatutako produktuen prezioak %30 baino gehiago igo dira urte hasieratik, eta horrek desorekatu du balantza

2022ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
BERLIN. Erre usaina dario Europako motor ekonomikoari. Alemaniak ezohiko beste datu bat izan du: azken 31 urteetan lehen aldiz, defizit komertziala izan du: 1.000 milioi eurokoa maiatzean. Kanpoko salmentak %0,5 jaitsi ziren, eta inportazioak %4,4 igo. Beste era batera esanda, gehiago ordaindu behar izan dute kanpotik erositakoagatik: urtea hasi zenetik, inportatutako produktuen eta bereziki lehengaien prezioak %30 baino gehiago igo dira, eta horrek desorekatu du balantza.

Horretan nabarmen eragin dute Errusiak Ukraina inbaditu ondoan energiaren merkatuan izandako ondorioek, baitaCOVIDari aurre egiteko Txinako Gobernuaren neurriek hornidura kateetan sortutakoek ere. Alemaniak ekonomia industriala eta esportatzailea du. Europako herrialdeen artean, hango industriak du mendekotasunik handiena Errusiako energiarekin, eta Moskuk gasaren hornikuntza murriztu dio azken asteotan. Gainera, Errusia da Alemaniako produktuen merkatu nagusietako bat: han egindako salmentak %50 apaldu dira urtebetean.

Merkataritza datuetan alde oso handia izan da hilabete batetik bestera Alemanian: apirilean, 3.100 milioiko superabita izan zuen. Ikusteko dago kolpe horrek nolako eragina duen Europako gainerako herrialdeetan. Euroguneko maiatzeko merkataritza datuak uztailaren 15ean argitaratuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.