Abuztuaren 5ean izango dira hondartzetako bilkurak

Presoen urrunketa politika amaitzeko eskatuko dute elkarretaratzeetan, Etxerat elkarteak deituta

Etxerat elkarteko kideak, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
2018ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
DONOSTIA. Etxerat euskal presoen eta iheslarien senideen elkarteak abuztuaren 5ean elkarretaratzeak egingo ditu Euskal Herriko hainbat hondartzatan, «sakabanaketa politikaren amaiera exijitzeko». Ehunka lagunek urrunketaren «zama, oinazea eta mina» pairatzen dute oraindik, haren esanetan. Urtzi Errazkin eta Patricia Velez bozeramaileek azaldu dute «bizitza arriskuan» jartzen dutela kartzela bisitetako bidaietan.

Sakabanaketaren «salbuespenezko» politika hori ia hiru hamarkadako «anomalia» modura definitu du Errazkinek, Donostian emandako prentsaurrekoan, eta presoen eta senideen «sufrimendua» orainaldiari lotuta dagoela nabarmendu du. Etxerat-ek azaldu du «balizko biktimak» direla eta «isilarazitako» egoera bati ahotsa emango diotela.

«Konponbiderako premiazko agendaren» inguruan adostasun zabal bat badagoela uste du Errazkinek, baina «euskal gizarteak aurrea hartzea ezinbestekoa» izango dela, «gizartearen gehiengo batek nahi duena, behingoz, errealitate bihurtzeko».

Bizkaian egingo diren elkarretaratzeak: Muskiz, Laida, Laga, Laidatxu (Mundaka), Lekeitio eta Ondarroan, 12:00etan; Bakion, 12:30ean; Ean, 13:00etan. Gipuzkoan 12:00etan egingo dira Deba, Zarautz, Orio eta Donostian; eta 12:30ean Mutrikun. Lapurdin: Hendaian, 12:00etan. Bezperan, 12:30ean, Gorliz-Plentzian (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.