Euskara ikasteko lege aukera bat baztertu du legebiltzarrak

EH Bilduk egin du lege proposamena, «diskriminaziorik gabe» euskara ikasteko doako eskubidea aldarrikatzeko

2020ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
GASTEIZ. EH Bilduk euskaraz jakiteko eskubidea bermatzea helburu zuen lege proposamen bat aurkeztu zuen atzo Eusko Legebiltzarrean, baina bertan behera utzi zuten, EAJren, PSE-EEren, PP-Ciudadanos koalizioaren eta VOXen aurkako botoekin. Soilik Elkarrekin Podemosek babestu zuen.

EH Bilduk adierazi zuen lege proposamenaren helburua dela «inolako diskriminaziorik gabe» herritarrek euskara ikasteko aukera izatea. Egitasmoaren beste asmoetako bat zen DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak amaitzean ikasleek B2 maila egiaztatu behar izatea. Areago, helduen euskalduntzeari dagokionez, nabarmendu zuen gaur-gaurkoz ez dela «eskubide unibertsal bat», eta oraindik dirua ordaindu behar dela euskara ikasteko. Beraz, koalizioak proposatu zuen euskara ikastea doakoa izatea C1 mailara arteko ezagutza lortu arte.

Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi zuen joan den legegintzaldian bere alderdiak «ia-ia» lege proposamen berbera aurkeztu zuela, eta aldeko botoak jaso zituela, PPrenak izan ezik. Salatu zuen bi urte geroago, iritzia aldatu zuela gobernuak, «ulertzen zailak diren arrazoiengatik». Aitor Aldasoro EAJko legebiltzarkideak, berriz, azpimarratu zuen aurreko legealdian onartutako proposamenaren eta atzo aurkeztutakoaren artean «ezberdintasunak» daudela, eta horregatik baztertu dutela egitasmoa. Haren esanetan, proposamen berrietako batzuk dagoeneko Eusko Jaurlaritzaren programan daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.