Ozeano Antartikoko ur fluxua %40 murriztu liteke 2050erako
LONDRES. Hego poloa «abiadura handian» ari da urtzen, eta horrek zuzenean eragin diezaioke Ozeano Antartikoari. Tenperaturak gora egiten jarraitzen badu, baliteke 2050. urterako Ozeano Antartikoko sakoneko ur fluxuak %40 murriztea, Nature aldizkariak argitaratutako ikerketa baten arabera.
Adituek adierazi dutenez, tenperaturek gora egiten duten heinean, urtuz doa Antartikako izotza, eta ozeanoko urarekin nahasten da. Baina ur geza da bat, eta gazia bestea. Hortaz, bi horiek nahasten direnean, geldotu egiten dira ozeanoko goikaldeko uraren gazitasuna eta dentsitatea, baita itsas hondoko ur fluxua ere.
Bada, geldotze horrek «eragin larriak» izan ditzake kliman. Izan ere, ozeanoetako ur jarioa «ezinbestekoa» da beroa, karbonoa, oxigenoa eta oinarrizko elikagaiak mundu osoan hedatzeko, baita itsas azpiko elikadura katearen eta izotz hormen egonkortasunerako ere.
Mendeak igaro litezke sakoneko ur fluxuen geldotzearen ondorioak pairatu arte, baina adituek azpimarratu dute horiek «oso larriak» izango direla.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.