Laborari bat zendu da Jutsin, aurtengo bigarren istripuan

Gasteizen hildako beharginari dagokionez, aldamioak ez zituen segurtasun neurri guztiak, Osalanen arabera

2020ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
JUTSI. 38 urteko emakume bat hil zen herenegun goizean Jutsin (Nafarroa Behera), senarra laguntzeko baserrian lanean ari zela. Lehen hipotesien arabera, lasto fardo trinko eta pisu bat gainera erori zitzaion, eta azpian harrapatua gelditu zen. Senarrak larrialdi zerbitzuak deitu zituen; helikopteroz eraman zuten Baionako ospitalera, larri, eta arratsaldean zendu zen.

Lanean ari zela Euskal Herrian aurten hildako bigarren pertsona da. Egun berean, baina ordu batzuk geroago, obretako langile bat hil zen Gasteizen. Osalanen arabera, segurtasun neurriak falta zituen: aldamioaren perimetro osoa ez zegoen babestuta erorikoak eragozteko hesiekin; bi zati luzeetan bazuen, baina ez motzetan.

Langileak 55 urte zituen, eta Arnaiz Asc 21 enpresarentzat egiten zuen lan. Arabako hiriburuko Olarizu etorbideko 32. zenbakian egiten ari diren eraikinean adreiluzko eskailera bateko zulo bat ixten ari zen erori zenean, lurretik hiru metrora.

Sindikatuek gogor kritikatu dute gertatutakoa, eta dei egin dute datorren asteartean SEA Arabako patronalaren egoitzaren aurrean egingo duten elkarretaratzean parte hartzeko. ELAk azpimarratu du eraikuntzaren sektorean dagoen ezbehar kopuru handiak agerian uzten dituela beharginen lan baldintza eskasak. «Gastuak murriztu nahi dituzte, langileen bizia eta osasuna jokoan jartzen badituzte ere».

Elkarrekin udal taldeak, berriz, salatu du «Araban dagoen anbulantzia medikalizatu bakarra» ezin izan zela joan istripua jazo zen lekura, orduantxe Arabako Mendialdean zegoelako, beste larrialdi batean. Larrialdietako langileak biltzen dituen Eustes elkarteak gogoratu du Araban eta Bizkaiaren zati batean zerbitzu hori eskaintzen duen enpresak ez duela jarraituko 2020. urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.